Jasone Mendizabal: "Datorrena erabileraren aroa izatea nahi dugu"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko aza. 17a, 09:48

Erabileran jauzi bat ematea helburu, bihar, Arrasaten egingo duten III. kongresuan, datozen hamar urteetarako lan-ildoak onartuko ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Jasone Mendizabalekin, Topaguneko zuzendari orokorrarekin aritu gara elkarrizketan, euskalgintzaren erronken berri.

Euskaltzaleen Topaguneak III. Kongresua egingo du bihar, zapatua, Arrasateko Juan Arzamendi Musika Etxean. Bertan elkartuko dira Topaguneko bazkideak, euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariekin batera. Batera jauzi izeneko txostenetik abiatuta prestatu du Topaguneak bihar aurkeztuko duen bazkideendako proposamena. Bost lan-ildo ditu, euskararen erabileran jauzi bat ematea xede. Bazkideek izango dute boto eskubidea.

Bost lan-ildo proposatuko dituzue, erabilera xede. Funtsezko ideia zein litzateke?

Batera jauzi egiteko elkarlana beharrezkoa izango dela. Harreman askoz ere gehiago behar dugula eta bakarrik ezin dugula. Euskalgintza oro har ahul dago. Gainera, gizarte aldaketa handia gertatu da: desaktibazio orokorra dago, kontzientzia transmisio eten handia ere bai, eta ez-ohiko harremanen bidez aldekotasuna indartzeko beharra dago.

"Batera jauzi egiteko elkarlana beharrezkoa izango da. Askoz ere harreman gehiago behar ditugu eta bakarrik ezin dugu"

Estrategia berrikusteko momentua da? Zergatik?

Lehen gogoetak 2011n eta 2012an egin ziren, eta, hamarkada baten ostean, estrategia berrikusteko beharra ikusi genuen. 100 elkarte bazkide gara Euskaltzaleon Topagunean, bakoitza bere gogoeta eta helburuekin, eta gura duguna da gure oinarri sozialarekin elkartuta, bisio mailako kohesio-ariketa bat egitea.

Kongresurako proposamena aurre-lanketa baten emaitza da. Batera jauzi jendarte laborategiaren emaitza. Zer da?

Aldaketaren Teorian oinarritutako jendarte laborategi batek egindako ikerketa-ekintza baten emaitza da proposamena, non erdigunean kokatu dugun Elkarrizketa Talde bat. 2022ko abenduan hasi zen taldea lanean, eta uztailean bukatu zuen lanketa. Hor parte hartu dugu 14 lagunek: 5 topagunekok eta beste bederatzi gonbidatuk. Laborategiari galdera bat luzatu genion: "Zein baldintza beharko lirateke euskararen erabileran jauzi bat eman dadin?" Taldeak bost baldintza proposatu zituen, eta horiek dira gizarte osoari proposatzen zaizkionak. Guk, hortik abiatuta, bost baldintza horiek elikatzeko bost lan-ildo proposatu ditugu.

Bihar onartuko dituzte bazkideek lan-ildo horiek. Eta gero, zer?

Bisio berria onartuko da bihar, eta noski, gero, poliki, egiten joan beharko dugu. Dena batera ezingo dugu egin, baliabideak mugatuak direlako. Kongresuaren esangura da han dauden elkarte guztiek bere egiten dutela han onartzen den bisio berria. Topagunetik proiektu komunak eta tresna berriak landuko ditugu bazkideentzat, eta tokian toki egokitu. Askotariko moduak egon daitezke, eta tokiko hedabide baten edo tokiko euskara elkarte baten errealitatea oso desberdina da. Beraz, bakoitzaren egiteko modua ere desberdina izango da.

"Bihar bisio berria onartuko da eta gero, egiten joan beharko dugu. Dena batera ezingo dugu egin, baliabideak mugatuak direlako"

Euskararen erabileran fokua jartzeak zer esan gura du?

Euskararen erabileraren aroa izatea nahi dugu, baina, noski, gai hau sistemikoa da. Zer esan nahi dugu? Euskararen garapenak eskatzen dituela motibazioa, ezagutza eta erabilera. Hirurak. Gure irakurketa da ezagutzan asko inbertitu dugula eta beharrezko egiturak baditugula. Euskaltegi sareak eta hezkuntza sarea, bereziki. Halere, badago non lan egin, hori Erkidegoan bermatuta baitago, ez ordea, Iparraldean eta Nafarroako zenbait zonaldetan. Gertatzen dena da euskalduntze prozesu hori osatuko dela erabilerak bere lekua badauka. Dentsitate bat baldin badago, ikasten ari den horrek euskara erabil dezan. Horregatik esaten diogu erabileraren aroa, ikasketa prozesu horrek eskatzen duelako hiztun horrek izatea komunitatean, auzoan, aisialdian edo tokian toki erabilera espazioak. Eta hori da gure tragediarik handiena, eskolan ikasten dutenek lanean ezin euskaraz egin ahal izatea, adibidez.

Oinarrietako bat elkarlana dela diozue. Tokian toki harreman sareak sortzen joatea?

Bai. Euskaldunok argi daukagu jende gehiago euskalduntzea behar dela. Batzuk ez dira heltzen prozesua burutzera, eta soziolinguistikak dio jende gehiago behar dugula. Baina kokatu gaitezen beste aldean. Etorkinek, erdaldunek, zein tresna dute horretarako? Zein behar dituzte? Zein erraztasun eskaintzen ditugu? Zer behar du komunitateak? Ez da nahikoa txosten batean jartzea. Euskara bera bizitzeko tresnak behar dira. Beste lan-ardatz batek dio, esaterako, euskaldun eta euskaltzale izatearen iruditeria zabaldu behar dela. Zer da gaur egun euskaldun izatea? Euskaltzale izatea? Nola bizi dute etorkinek? Nola ikusten gaituzte erdaldunek? Nola egin datozen beste era bateko euskaltzaleek lekua izan dezaten? Komunitategintzan asko inbertitu beharra daukagu.

"Lan-ardatz batek dio, euskaldun eta euskaltzale izatearen iruditeria zabaldu behar dela. "

Zein garrantzi du zapatukoak Topagunearendako?

Etapa berri baten beharraren kontzientzia daukagu, eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Esango nuke, bestetik, zenbait elkarterendako oso urrun dagoen zerbait ere badela: kongresuak, txostenak… Oso era desberdinetako elkarteak ditugu. Kongresu ondoren gu jaitsiko gara herrietara. Gizarte eraldaketa handi bat gertatzea da euskararen erabileran jauzi bat emateko premisa, eta gugandik hasi behar da aldaketa. Muinetik hurrengo geruzetara egingo dugu.

Euskaldunok badugu ezkor izateko joera bat... Baina lorpenak ere izan dira, ezta?

Galera prozesu ikaragarri bat izan zen Euskal Herrian, bortxaz gertatu zena. Bestalde, kontuan izan behar dugu hizkuntza gutxituen biziberritze eta berreskuratze esperientzien artean euskaldunona dela garatuenetarikoa, askorentzat eredu. Eta, era berean, zein zaila den, ezta? Dena ikusi behar da. Itzela egin dugu, baina botilak zuloa dauka. Erdi betea dagoen, erdi hutsik… berdin da. Zuloa dauka, eta zulo horiek tapatzeko, transmisio mailan, erabileraren mailan, lankidetza mailan eta gobernantza mailan erronka handiak ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak