Uxue Azkuek (Arrasate, 2003), Nahia Irazolak (Arrasate, 2002) eta Maria Martiarenak (Arrasate, 2004) urtebete baino gehiago daramate, Gasteizko Biribildu taldeko gimnastekin batera, Europako Txapelketa prestatzen. Martitzenean abiatu ziren Antalyara (Turkia) eta aste barruan bi entrenamendu saio egiteko tartea izan dute zapatuko txapelketa (16:30) aurretik. Aerostep modalitatean lehiatuko dira Europako onenekin batera.
Gimnasia aerobikoa alde batera uzteko puntuan egotetik, Europako txapelketa lehiatzera...
Bai, halaxe da. 2022ko uda aurretik egin ziguten Espainiako federaziotik proposamena. Espainiako Txapelketa batean egindako lanagatik hainbat gimnasta aukeratu eta elkarrekin taldea osatzeko proposatu ziguten. Arrasatekook jada bageneukan taldea, baina Turkiara etortzeko zortzikoa osatu behar genuen eta Gasteizko Biribilduko beste bost laguni ere egin zieten proposamena. Senior mailan lehiatuko gara, eta adin tarte horretan askok gimnasia utzita izaten dute. Guri ere hortxe-hortxe harrapatu gaitu. Gu gara taldeko gazteenak, gasteiztarren artean badaude 25 urteren bueltan dabiltzanak, ez da oso ohikoa, kirol jarduera zorrotza delako.
Zer nolako urtea izan da?
Normala den moduan, momentu onak eta ez horren onak izan ditugu, aukeratuak izaterakoan presioa sentitzen delako eta horrekin batera itxaronaldia ere luzea egin delako. Pentsa, iazko uda hasieran eman genuen baiezkoa, eta behin konpromisoa hartuta... Udan, esaterako, gogor egin behar izan dugu lan eta momentu batzuetan nekea ere sumatu dugu. Baina, sekulako aukera eman digute eta oso motibatuta gaude.
Zelan moldatu zarete entrenatzeko?
Taldeko entrenamenduak Gasteizen egin izan ditugu, egubakoitz iluntzetan eta zapatuetan batu izan gara, eta azkenean apustu pertsonala izan da. Asteko dinamikari eutsi ahal izateko hori izan da aukera onena, asteburuetan entrenatzea.
Zer espero duzue txapelketatik?
Lan ona egitera goaz. Baina, egia da urte osoko lana minutu eta erdian erakutsi beharko dugula, eta halakoetan inoiz ez dagoela jakiterik zelan joango den txapelketa. Horrek urduritasuna ematen du. Izan ere, ariketa egiterakoan nahikoa da gutako batek estropezu egitea lan guztia pikutara joateko. Horregatik, saiatu behar garena da orain arte egindako lana erakusten, entrenatzaileek egindako zuzenketa guztiak kontuan hartzen, eta gozatzen.
Non egon daiteke txapelketaren gakoa?
Dantza mila aldiz egin dugu, memoria muskularrean erabat barneratuta daukagun zerbait da eta oso garbi daukagu zer egin behar dugun. Baina, kirolari batek ondo lehiatzeko ezinbestekoa du mentalki ondo egotea, eta hor egongo da gakoa, lasai eta kontzentratuta egoten asmatzea.
Zer nolako dantza da zuena? Izan ere, batzuk arriskatzearen aldekoak izaten dira, eta beste batzuek koreografia errazagoa aukeratzen dute.
Gurea teknikoki dantza zaila da, eta aldi berean ikusgarria. Horrek esan nahi du dena ondo egiten badugu puntuazio handia lor genezakeela, baina hain zuzen, zailtasun handia daukanez erraza da akatsen bat egitea.
Beste modu batean esanda, ausartak izan zaretela...
Baietz esan genezake.
Zer moduzkoak izan dira lehenengo 24 orduak Turkian? [Eguaztenean izan zen GOIENA eurekin].
Oraindik ez dugu sinisten hemen gaudenik. Gaur goizean lehenengo entrenamendu saioa izan dugu, eta konturatu gara maila oso altuko jendea dagoela hemen. Gure ostean Britainia Handikoak sartu dira entrenatzera, eta gu ibili garen bitartean alde batean ukrainarrak ere entrenatzen ibili dira, eta segituan jabetu gara oso onak zirela. Arratsaldean, berriz, gure entrenatzaileak gainontzeko ordezkarien entrenamenduak ikustera doaz, baina gu ez gara joango. Ez du merezi gehiago urduritzeak [Barreak].
Behin Europako txapelketara etorrita, zergatik amets ez egin?
Argi eta garbi, daukaguna ematea da asmoa, eta gero gerokoak.