Alvaro Arregi: "Gizakiok betidanik ibili izan gara mendian"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 17a, 11:13

Alvaro Arregi, Arrasateko Otalora Lizentziaduna kalean.

Isea kooperatibak gonbidatuta, Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrenaz aritu zen atzo Alvaro Arregi mendizalea (Arrasate, 1945), Etxaluzen, Euskal mendigoizaletasunaren ibilbidea azken 100 urteotan hitzaldian. 2024an beteko ditu ehun urte federazioak.

100 urteko ibilbidea ordubetean kontatzea ez da erraza izango…

Eta aurrekoa ere kontatu behar da, testuinguru bat emate aldera. Gizakiok betidanik ibili izan gara mendian. Halere, Antton Iturrizaren Historia testimonial del montañismo vasco idazlanak jasotzen duenez, euskal mendizaletasunari buruz dauden lehenengo datuak 1850ekoak dira. Liburua hiru zatitan banatuta dago: 1850etik Espainiako Gerra Zibilera arte; gerra ostetik 1980ra arte, Martin Zabaletak Everest igo zuenera arte eta azkena, ordutik aurrerakoak.

2024an beteko dira ehun urte federazioa sortu zutenetik.

XIX. mende bukaeraz geroztik, hainbat federazio sortzen ari ziren Europa mailan: Erresuma Batuan, Italian edota Frantzian. Era berean, Euskal Herrian ere ari ziren elkarteak sortzen. Arrasateren kasuan, Club Deportivo Mondragon 1913an sortu zuten, tartean mendi sailarekin. Espainiako Mendi Federazioa 1922an sortu zuten eta 1924an, 57 mendizale elkarte batu ziren Federacion Vasco Navarra de Alpinismo sortzeko. Bilbotarrek egin zuten indar handiena elkartea sortzeko, Antxon Bandres Azkue buru zutela.

Elgetan sortu zuten, gainera.

Probintzia guztietatik gertu egongo zen herri batean egin gura izan zuten, guztien erdian zegoena, nolabait.

Bi urtera, 1926an, 'Pyrenaica' aldizkaria jaio zen.

Antxon Bandres Azkue izan zen federazioko lehen presidentea, baita aldizkariko lehen zuzendaria ere. Federazioaren aldizkaria izan da hasieratik. Espainiako Gerra Zibilak erabat eten zuen jarduna. Bai. Horrek ez du esan gura jendea mendian ibiliko ez zenik, baina ekintza guztiak gelditu ziren, baita Pyrenaica aldizkaria ere. Gerra ostean, 1949an hasi zituzten berriro bilerak, baina lehen urteak Espainiako Mendi Federazioaren barruan egin zituzten, delegazio moduan.

1955ean, berriz, Besaideko monumentua inauguratu zuten.

Hala da. 1953an, Everest gailurra lortu zuten ingelesek eta, urte berean, lehen espedizio euskalduna joan zen Mont Blanc mendira. Elur-jausi batek azpian harrapatuta, lau mendizale hil ziren eta horien omenez, monumentua jarri zuten Besaiden, Angel Sopeña delegatu zela.

Zer gertatu zen 1967an?

Euskal mendizaleek, Juan Ignacio Llorente buru zutela, ordura arte inork egin bako bi tontor egin zituzten: Uchurraju eta Ayucurraju. Mundu mailako lorpena izan zen eta Espainiako Mendi Federazioak erabaki zuen mendizaleak domina batekin aitortzea. Hala ere, gailurreko argazkian ikurrinarekin azaldu ziren eta, beraz, aitortza deuseztatu zuten. Ez hori bakarrik, kartzelatik ere pasatu behar izan ziren. Ondorioz, Pedro Otegi presidenteak eta haren talde guztiak dimititu egin zuen.

Urte hauetako guztietako nabarmentzeko lorpenen bat?

Andres Espinosa zornotzarrak, esaterako, asko ditu, 1920ko hamarkadan egindakoak: Kilimanjarora bakarrik joan zen; Mont Blanc eta Cervino jarraian egin zituen, gidari barik, hiru egunetan; Naranjo de Bulnes bidea ezagutu barik igo zuen, beste leku batetik jaisteko. Gero, ezin ahaztu 1974ko Tximist Espedizioa eta 1980ko Everesteko lorpena.

Noiz hartu zuen Euskal Mendizale Federazioa izena?

1977an. Halere, nafarrak hortik kanpo geratu ziren eta ordutik bakoitzak bere bidea egin du, nahiz eta harreman zuzena izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak