Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz desagertu egin da

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 17a, 09:11

Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz taldekoak, Jai-zale tabernan, haiek gestionatu zutenean.

Arrasateko EHE taldeak bere desagerpenaren berri eman du; "horren arrazoi nagusia da azkenaldian lauzpabost taldekide bakarrik ginela; gehienok, gainera, bestelako konpromiso eta betebeharrak ditugu; taldeari ezin diogu behar duen denbora eskaini", adierazi du taldeko kide izan den Aitor Juaristik.

Azken urtean ezin izan dute proiekturik aurrera eraman eta ez dira gai izan "kalitatezko lan dinamika egoki bat" edukitzeko, Juaristiren esanetan. "Elkartzeko arazoak genituen. Ez dugu uste gauzak erdizka egiten ibiltzeak zentzurik duenik eta, beraz, taldea uztea erabaki dugu. Fase hau ixteko momentua iritsi dela uste dugu, baina badakigu Arrasateko euskalgintzak indartsu jarraitzen duela, zorionez, askotariko taldeak baititugu: AED, Txatxilipurdi Elkartea, Ekin Emakumeak Elkartea, ikastetxeak, AEK, Emun eta abar. Horrek lasaitasuna ere ematen du, herria ez baita geratuko euskalgintzaren aldeko talderik barik", nabarmendu du.

Modu horretan, 2000. urtean abiatutako ibilbideak eten bat izango du. Edozelan ere, eten hori behin-behinekoa izango dela uste du Juaristik. "Ez dakigu urtebete barru izango den, edo bost urte barru, baina ziur gaude taldea itzuliko dela, gurekin edo beste lantalde batekin. Mila esker emandako babes eta laguntzagatik", gaineratu du.

Eguneroko lan txikia

Hogei urtetik gorako ibilbidean, "lan handia" egin du taldeak eta "jende asko" aritu izan da lanean urte horietan guztietan. "Eguneroko lan txikia egin dugu", nabarmendu du Juaristik. "Kartelak, pankartak, euskararen aldeko mezuak, Euskaraz bizitzera goiaz abestia, eta bestelako ekintza txikiak ere bai. Gure helburua zirikatzea izan da, eta aldarrikatu beharreko mezuak aldarrikatu izan ditugu. Adibidez, udaltzainek euskararekiko zuten jarrera kritikatzeko beharra ikusi genuenean, kritikatu egin genuen, eta horrela jokatu izan dugu osasungintzarekin edo beste arlo batzuekin ere". Halaber, Arrasateko euskalgintzaren eragile den Geiken ere egon da orain arte Euskal Herrian Euskaraz, baita Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-n ere.

Taldeak egindako kanpainetako bat.

Taldeak egindako mobilizazioetako bat.

Euskalgintzaren taberna

Jai-zale taberna izan zuten garaia ere aipatzekoa da. "Euskalgintzaren taberna izan zen, guk gestionatua. Horrez gain, herriko eragile guztientzako espazioa ere izan zen, ekintzak egitekoa", adierazi du Juaristik.

Ondo gordetako artxiboa

Artxibo bat ere badute gordeta, askotariko materialarekin: argazkiak, aktak, plangintzak, proposamenak eta abar. "Pentsatzen ari gara zer egin material horrekin guztiarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak