Bailara Enpresa Elkarteak, ISEA kooperatiba elkartearekin lankidetzan, Talentua, enpresa eta lurralde lehiakortasunaren ahalmen estrategikoa jardunaldia antolatu du. Ekitaldia azaroaren 28an izango da, martitzena, 16:00etatik aurrera, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoaren Areto Nagusian. "Jardunaldiaren helburua da gogoeta egitea talentuak enpresa lehiakortasunean duen eraginari buruz, eta talentua garatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko estrategia publiko pribatuak hedatzeko beharrari buruz", adierazi du Bailara Enpresa Elkarteko lehendakari Daniel Miguelezek.
Hainbat hitzaldi
Enpresa, unibertsitate eta ikerkuntza alorreko hainbat lagunek jardungo dute ekitaldian. Hauek, hain justu ere: Anton Costas Bartzelonako Unibertsitateko Politika Ekonomikoaren katedradun eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko –CES– presidenteak berbaldia eskainiko du. Talentuaz ariko da, honako izenburuko hitzaldian: El talento: una cualidad de las personas que la sociedad debe ayudar a desplegar. Bestalde, Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak, Euskadiko enpleguaren liburu zuria-ren ondorioak aurkeztuko ditu. Azkenik, Maite Anayak eta Lierni Rabanetek, EPS-MUko ikertzaileek, Debagoieneko enpresen gaitasunen eta prestakuntza beharren azterketaren emaitzak aurkeztuko dituzte.
Jardunaldi honetan parte hartzeko izena eman behar da, mezu bat bidaliz helbide elektroniko honetara: morobengoa@isea.eus.
Elkartea ezagutzera eman
Jardunaldiaren bitartez, Bailara elkartea ezagutarazi nahi dute bultzagileek. Zentzu horretan, lehen agerraldi publikoa izango da. Modu honetan, Debagoienean nagusi den kooperatiba talde eta enpresetatik harago, "bestelako enpresa eredu batzuk ere badaudela ikusarazteko eta enpresa horien artean sinergiak sortuz eraginkortasunean irabazi daitekeela erakusteko".
Debagoienean kokatutako sektore anitzeko enpresa-taldea da Bailara. "Gure eskualdeko ehun sozial eta ekonomikoa indartzeko eta enpresa elkartuen irudia eta lehiakortasuna hobetzeko lan egiten dugu”, dio elkarteko lehendakariak, Daniel Miguelezek. Hori enpresa partaideen konpromisotik eta lankidetzatik abiatuta egiten dutela dio: "Balio erantsi handiko zerbitzuak eskainiz, bakoitzak bere sektore eta jardueretan duen esperientziak eta ezagutzak bermatuta".
Bailara elkartearen helburuetako batzuk honakoak dira: negozio-aukera berriei erantzutea; sareko komunitate bat sortzea; digitalizazioa, talentua, ikuspegi komertziala eta komunikazioa bezalako sektore kritikoak enpresetan txertatzea...