Santamasetakoa, bete egiten den txapelketa

Xabier Urtzelai 2023ko aza. 10a, 14:36

2021eko Santamas Txapelketako finaletako une bat.

Badator AKEkoen eskutik geroago eta arrakasta handiagoa daukan hitzordua. 32 bikoterendako lekua dago, eta izen-emateak segituan beteko direla aurreikusten du Fernando Okinak: "Zoritxarrez ez daukagu denendako tokirik, kantxa beharra dugu".

Lerrook irakurtzen dituzuenerako, seguruenik, Santamas Padel Txapelketan esku hartzeko azken plazak geratuko dira salgai. "Izen-emateak zabaldu eta bost ordutan 22 bikotek emana zuten izena", adierazi du aste barruan AKEko ordezkari Fernando Okinak. Baina, badaezpada jakin, txapelketa azaroaren 17tik abenduaren 17ra jokatuko dutela, eta hilaren 13a dela izena emateko azken eguna –ake.padel@gmail.com, 10 euro bikoteko–. Ez itxaron azken egunera arte, baina, berandu izango da-eta.

Bistan da Santamasetako txapelketak geroago eta jarraitzaile gehiago dituela. "Azken urteotan jendea kanpoan geratu zaigu, eta pena da, baina ez daukagu denendako tokirik; zentzu horretan, oso mugatuta gaude. Guztira 32 bikote onartzen ditugu, 64 jokalari, eta lau astez –asteburuetan– pista biak behar izaten ditugu; lehenengo bi astetako kanporaketetan bai, behintzat. Gainontzeko erabiltzaileak gurekin haserretzen dira, baina tira, ez dugu beste aukerarik", dio barrez. "Gogoan dut duela sei urte txapelketa honetako parte-hartzea ez zela erdira iristen, baina gorakada handia egon da. Iaz, esaterako, lau bikote kanpoan geratu ziren, eta zoritxarrez, aurten ere gauza berbera gertatuko da", dio Okinak. "Egia esan, txapelketaren berri ematen dugu han eta hemen, kartela ere ateratzen dugu, baina iazkoei abisua emanda nahikoa da txapelketako izen-ematea betetzeko".

Hala, partidak asteburuetan jokatuko dituzte, eta lehenengo kanporaketa gainditzen ez dutenek kontsolamendu txapelketa jokatu ahal izango dute. Finalak, berriz, abenduaren 17an izango dira.

Bergarakoak, faborito

Azken urteotan bikote bergararrak nabarmendu izan dira txapelketan. "Arrasateko jendeaz batera inguruko herrietakoak ere etortzen dira, eta azken urteotan Bergaratik etortzen diren bikoteak nabarmendu dira; maila oso polita dute. Euretako batzuek Gasteizen entrenatzen dute, maila txukuna dute eta gurean ere beti ibiltzen dira aurrealdeko postuengatik borrokan. Bestela, herri mailako jokalariak ere etortzen dira jokatzera, txapelketan esku hartu eta ondo pasatzeko asmoz, eta bestela ere padelean ibiltzen den jendea denez, bikote batzuek maila polita izaten dute". Txapelketaren gorakada padela bera izaten dabilen gorakadaren isla da, Okinaren ustetan. "Gorakada handia ikusten ari gara; lehenago ere squash-arekin gertatu zen, baina gero kirol jarduera horrek beherakada handia izan du, ia desagertzeraino. Kontua da squashean jokatzeko sasoi onean egon behar duzula, eta, esaterako, belaunak kili-kolo baldin badituzu... Jende gaztea ibiltzen da normalean; kirol jarduera zorrotza da. Baina duela urte batzuk gorakada handia izan zuen, eta orain, azken hamarkada luzean, padela dabil gora egiten, gurean ere ikusten dugu".

Kirol erraza, abantaila

Okinaren esanetan, gorakada horren atzean oso arrazoi sinpleak daude. "Padelean jokatzen hasi eta bigarren egunerako gozatu egiten duzu, eta tenisean, esaterako, ez duzu halakorik egingo. Tenisean gozatzen hasteko urtebete behar duzu, pilota zuk nahi duzun leku horretara botatzeko entrenatu egin behar da, eta padelean maila oso gutxirekin ere posible da gozatzea, erraza delako. Ez da jarduera gogorra, dibertigarria da, lau lagunen artean jokatzen da eta giro polita sortzen da... Uste dut hor dagoela arrakastaren gakoa. Egia esan, jokatzen hasi, eta jendea harrapatuta geratzen da. Estatu mailan ere ikusten dabiltza lizentzia kopuruari dagokionez tenisekoa ere gainditzen ari direla. Eta esango nuke beste kirol jarduerekin alderatuta padelean emakumezko mordoa dabilela, geroago eta gehiago".

Arrasaten ere leku faltan

Eta beste leku askotan moduan, Arrasaten ere leku falta dute padelean jokatzeko. "Ez da hemen bakarrik gertatzen; kiroldegi askotan duten arazoa da; jende asko dabil padelean jokatu guran, eta ez dago denendako tokirik. Esaterako, tenis pista bat dagoen tokian padeleko bi pista sartzen dira, eta bi lagunek jokatu beharrean zortzi lagun egon daitezke espazio horretan jokatzen. Oraingoz, daukagunarekin konformatu beharko dugu; inguruko herrietan ere egoera antzerakoan daude, baina pista gehiagoren beharra ikusten dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak