'Iragana astintzen' zikloaren baitan, hiru hitzaldi antolatu ditu AZEk

Hasier Larrea 2023ko aza. 8a, 17:39

Beste urte batez, tokiko iraganaren jakinmin gosea duten entzuleek saio mamitsuak izango dituzte eskura, Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik. Datozen hiru asteazkenetan, 19:00etan, Kulturaten, Maria Teresa Telleriaren bokazio zientifikoa, Gesalibarko bainu-etxea eta Irulegiko Eskua izango dituzte hizpide.

Normalean lau hitzalditako zikloa antolatzen du AZEk Iragana astintzen egitarauan, baina aurten hiru izango dira, honako arrazoiagatik: "Urriaren 20an, erreka garbiketaren deialdiarekin bat eginez, Gure ibaiak, egungo arazoak eta etorkizuneko erronkak hitzaldia antolatu genuen, eta, horregatik, lau beharrean hiru saio izango ditu azaroko hitzaldi zikloak", azaldu dute AZEko kideek.

Jakintza handiko hiru hizlari

Hala, datorren asteazkenean, hilak 15, botanika kontuak izango ditu hizpide Maria Teresa Telleriak. Arrasatearra Telleria farmaziako kudeatzaileen sendikoa da eta Madrilgo lorategi botanikoko lehen emakume zuzendaria izan zen. Jubilatu ondotik, nobelak idaztera pasa da, 2022ko Sin permiso del rey izanik horren adibide. "Gaztetan, natur zientzietako ikasketak aukeratzerakoan, Arrasatek harengan izandako eragina kontatuko du" azaldu du Pilar Askasibarrek, AZEko kideak.  

Beste familia ezagun bateko kide bat izango da azaroaren 22ko gonbidatua: Mendia familiako Joan Pedro Valenzuela. Descendiente del Fundador del Balneario liburua idatzi du, Gesalibarko bainu-etxeari buruzkoa: "Mendia familiarena izan zen bainu-etxe hori, 1825etik 1897ra egon zen zabalik eta istorio harrigarriak gordetzen ditu; Valenzuelak berak ikerketa sakona egin du, baita liburua idatzi ere. Espainia mailan ari da egunotan aurkezten".

Eta, gorenean bukatzeko, gai "itzel" bat ekarriko dute Kulturatera hilaren 29an, Irulegi, bidaia arkeologiko bat baskoien lurraldera titulupean, euskarazko bakarra. Hizlaria Aranzadi Zientzia Elkarteko Mattin Aiestaran izango da,  2021ean Aranguren haranean egindako indusketetako zuzendaria: "Irulegiko Esku ezaguna, 36 kilo inguruko brontzezko eskua, deskubritu zuten ikerketa horietan, Erdi Aroko gaztelu bat aztertzen zebiltzan bitartean; Burdin Aroko tresna bat zen eta euskarazko hitzak zeuzkan idatzita: besteak beste, sorioneku, denok dakigunez".

AZEko Jabier Bengoak ondoko ñabardura adierazi nahi izan du: "Udalaren azaroko kultur programazioan ez da Iragana astintzen zikloa aipatzen, eta horren arrazoia da Mattin Aiestaranek urriaren 30ean baieztatu zigula etorriko zela. Haren atzetik ibili gara azken ordura arte, eta, zorionez, baiezkoa eman digu".

Kontuak kontu, espero dute, urtero bezala, hitzaldiek harrera bikaina izatea eta Kulturateko areto nagusia jendez betetzea. Ez dute baztertu azken hitzaldi hori beste areto handiago batean eskaintzea, "interes handia piztuko duelako".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak