JAME goraino bete da 'Literatura Emanaldi Musikatua' ikusteko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 4a, 10:33

JAME bete egin zen atzo arratsaldean Literatura Emanaldi Musikatua ikuskizuna ikusteko. Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde, Iñar Sastre, Anne Etchegoyen eta Olatz Prat aritu ziren oholtza gainean eta bertaratu ziren lagunek euskal literaturaz eta musikaz gozatzeaz gain, bi idazleen tertuliaz gozatu ahal izan zuten. Galderak egiteko nahiz abesteko aukera ere izan zuen publikoak GOIENAk eta AED elkarteak antolatu zuten "euskararen eta euskal kulturaren transmisioa oinarri duen" ikuskizunean.

Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen emanaldia musika doinuekin hasi zen. Iñar Sastre musikariak solo bat jo zuen pianoarekin eta, ondoren, Olatz Prat kazetari eta abeslaria, saioaren gidaria, batu zen oholtzara euskarazko Mikel Laboaren Lizardi abesteko, Sastre pianoan zela. Horren ostean, Anne Etchegoyen izan zen abestu zuen hurrengoa –Baratze bat kantatu zuen– eta gero batu ziren, Joxemari Iturralde eta Joseba Sarrionandia idazleak, hurrenez hurren.

Tertuliarekin hasi aurretik, bakoitzak olerki bat irakurri zuen; Sarrionandiaren kasuan, Mahmud Darwish poeta palestinarraren poesia. Solasaldiaren hasieran, Pott Bandaren hastapenak izan zituzten gogoan eta euskal literaturaren egoera nahiz itzulpengitza izan zituzten hizpide, besteak beste. Publikoak ere parte hartu ahal izan zuen galderak eginez eta jendartean zegoen gizon batek botatako galderari erantzunez, euskarak bizirauteko jarraitzeko moduez euren iritzia eman zuten bi hizlariek: euskarak bizirauteko batua ala tokian tokiko euskalkia?

Anekdotak eta aurrerapenak

Solasaldian zehar anekdotak ere izan zituzten berbagai; esate baterako, h letra edota amaiera aldera Kuban bizi zen garaian "eskribau" izan zenekoak. Hortaz, abesteaz gain, barre ere egin zuen publikoak. Era berean, Sarrionandiak adierazi zuen, egun horretan bertan amaitu zuela liburu bat editatzen eta haren nondik norakoak ere kontatu zituen. Durangoko Azokarako prest egongo dela aitortu zuen.

Halaber, ez zen lan berria kaleratuko duen bakarra; izan ere, Anne Etchegoyenen disko berriak argia ikusiko du eta primizian Festa abestia entzun nahi haren koroak egin ahal izan zituzten bertaratutakoek, eta azkenik, Olatz Pratek eta publikoak, denek batera, Izotz ondoko eguzki abestuz eman zioten amaiera arratsaldeari.

Balorazio positiboa

Bai antolatzaileek baita emanaldiko kideek ere balorazio positiboa egin zuten. Ikuskizuna urtarrilean jarri zuten martxan, eta orduko hartan Etchegoyenek hartu zuen parte. Dena den, azken emanaldietan ez du parte hartu eta hortaz, Arrasatekoa zen berarentzat bigarren aldia: "Eszenatokia biziki ederra da, pianoa bikaina eta giroa ere publikoa biziki zintzoa. Nire ustez interesgarria da nahastea euskal musika eta literatura". Zergatiaz galdetuta dio ikusten dutela interes handia duela publikoak euskal musika eta literaturan.
 
Iñar Sastrek "tamainako lekua" izan dela adierazi du eta sorpresa izan zuen pianoarekin: "Teklatuarekin etorri eta bertan piano isatsdun bat zegoela ikusteak ba sekulako baliabidea izan da. Jendearen erantzuna ere ona izan da. Hainbeste jende eta emanaldian hain sartuak izatea hori da niretzat emanaldiko altxorra".
 
AEDko kide Itxaro Artolak ere balorazio positiboa egin zuen: "Balorazioa oso ona da bai gaurko egunaren aurretik antolaketa arloan, bai GOIENA-rekin edo bitartekari lanean aritu diren Lizardi taldeko kideekin oso harreman ona izan dugu . Gero, bistan da gaurko emaitzak ere esan gura duela aurreko lan guzti horrek merezi izan duela, asko gozatu dugu motz geratu zaigu, baina esaten den moduan motza eta ona bi bider ona".
Erlazionatuak

'Literatura Emanaldi Musikatua', argazkitan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023 aza 04 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak