'Hemen ez du inork ordaintzen' lana Dulantziko jaialdira eramango du Dokek

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 24a, 14:37

'Hemen ez du inork ordaintzen' Amaia antzokian estreinatu zuten, ekainean.

Dulantziko Antzerki Amateur Jaialdian izango da Doke Antzerki Taldea azaroaren 10ean, Hemen ez du inork ordaintzen antzezlanarekin, eta Arrasatetik autobusa egongo da, emanaldiaz gozatu gura dutenentzat. Aurrez, baina, izena eman beharko da. Doakoak izango dira autobusa eta antzezlaneko sarrera.

Hamazazpigarren edizioa izango du Dulantziko (Araba) jaialdiak, eta estatu mailako bederatzi talde hautatu dituzte jaialdian parte hartzeko. "Jaialdian parte hartzeko aukera izatea sari bat da guretzako" azaldu du Maider Alcelayk, Doke Antzerki Taldeko kideak. Izan ere, Madrilgo, Valentziako, Alacanteko, Castellongo, Pontevedrako, Bilboko eta Gasteizko taldeekin ariko dira lehian.

Nabarmentzekoa da, halaber euskarazko emanaldi bakarra izango dela Dokerena. "Horrek, are eta harroago sentiarazten gaitu", gaineratu du Alcelayk. "Gure hizkuntza lan eta jolas lanabestzat hartu zuten duela hogei urte antzerkia sortzeari ekin ziotenean eta horri eutsi diote zintzo".

Azaroaren 3an hasiko da jaialdia eta, esan moduan, Azaroaren 10ean izango da arrasatearren txanda, 19:30ean, Dulantziko Txema Blasco Kultura Etxeko auditoriumean. Jaialdia azaroaren 25era arte bukatuko da, epaimahaiak orduan emango baitu irabazlearen berri.

Autobusa eta sarrera, doan

Arrasateko publikoa Dulantzin izatea gura du Doke Antzerki Taldeak. "Gure publikoaren babesa asko eskertuko dugu". Hori dela eta, autobusa antolatu dute eta izena eman beharko da, 665 11 85 72 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp bat bidalita, edota dokeikastaroak@gmail.com helbidera mezu bat idatzita. Doketik nabarmendu dutenez, gainera, doakoa izango da autobusa zein emanaldiko sarrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak