Arrasaten izango da Jakin-Mina programa, ikasleei zuzenduta

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 20a, 12:05

Jakiundek antolatutako proiektua da, eta helburutzat du "ezagutza eta izpiritu kritikoa aberastea", batik bat gazteen artean, "etorkizunari arrakastaz" aurre egiteko.

Hemeretzigarren aldia du aurten Jakin-Mina programak. Ikasturte bakoitzean diziplina anitzeko hitzaldi zikloak antolatzen ditu, eskoletan landu ohi ez diren edukiak gogoan izanda. Oraingoan, hamabost hitzaldi antolatu dituzte Gipuzkoan; Donostian eta Arrasaten egingo dira. Hilean egubakoitz batean izango dira, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Kultura, historia, literatura, argazkigintza eta zinema izango dira hitzaldietan landuko dituzten gaietako batzuk, eta baita gaurkotasuneko gaiak ere. Horretarako, arlo jakin batzuetako adituak izango dituzte hizlari, hala nola Mariasun Landa idazlea, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Adolfo Lopez de Munain Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologiako burua eta Ane Vergara psikologian katedraduna.

Ikastetxeek, beraz, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako lauzpabost ikasle matrikulatu ahal izango dituzte, baina adin tartea handitzeko aukera ere badagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Programa amaitzean, berriz, ikasle bakoitzak ziurtagiri bat jasoko du.

Donostian eta Arrasaten

Hiru ziklotan banatuko da programa. Donostian bi egingo dira, eta bestea Arrasaten izango da. Hemen dituzue Arrasateko hitzaldiak:

  • De la terapia fisica a la fisica como terapia (Terapia fisikotik fisika terapiatzat erabiltzera), Javier Martinez Ruiz neurologoaren eskutik.
  • The absurdity of rankings: can we turn into robust –and useful– measures? (Rankingen zentzugabekeria: bihur al gaitezke neurri indartsu –eta baliagarri–?), Jon Mikel Zabala Iturriagagoitia irakasle eta ikertzailearen eskutik.
  • Ukrainaren aurkako erasoa eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren eskumena: eraso-krimena epaitzeko berariazko auzitegi bat sortzeko beharra?, Miren Odriozola irakasle eta ikertzailearen eskutik.
  • Teconologia Lab-on-a-chip, un laboratorio en palma de tu mano (Lab-on-a-chip teknologia, laborategi bat zure esku-ahurrean) hitzaldia, Lourdes Basabe ikerketa irakaslearen eskutik.
  • Energia elektrikoa sortu, gorde eta erabili hitzaldia, Aritz Milikua irakasle eta ikertzailearen eskutik.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak