Debagoiena markatuta utzi zuen eguna da 2013ko urriaren 16a. Fagor Etxetresna Elektrikoak (FEE) kooperatiba hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen, eta, gero, etorri ziren langileen manifestazioak, eta azkenik, itxiera. Astelehenean bete zen hamarkada bat egun hartatik. FEEk 5.642 langile zituen mundu osoan; 1.800 baino gehiago zituen Euskal Herriko bost lantegietan, eta horietatik 1.736 ziren lan-bazkideak.
Ziurgabetasunezko aste gogorrak izan zirela dio Fagor Taldeko zuzendari Joxean Alustizak, eta FEEk garai hartan bizitakoa "aurrekaririk gabeko" egoera zela. Julen Bollain MUko ekonomia irakaslea, Elena Laka abokatua eta Igor Ortega Lanki kooperatibismo ikertegiko ikertzailea bat datoz "gizarte mailan inork ez zuela uste halakorik gertatuko zenik" esatean.
FEEren itxieraren aurrean, kooperatibako nahiz Fagor Taldetik kanpo zeuden kooperatibetako profil ezberdinei egindako "elkarrizketa sakonetan" oinarritutako ikerketa garatu zuen Lankik, haien pertzepzioak jaso eta egoeraz galdetzeko. Lankiko Igor Ortega ikertzaileak adierazi du atera zuten ondorioetako bat izan zela "globalizazio garaian produkzioa bertan mantentze horrek" errentagarritasun arazoak sortu zizkiela: "2000ko hamarkadan bada apustua marka berriak eskuratuta merkatuan beste posizionamendu bat lortzea, eta errentagarritasunari begira egon zitezkeen arazoak erantzutea. 2008ko krisiak zuzenean eragin zien. Nire irudipena da enpleguari eusteko saiakera epikoa izan zela; ziurrenik, merkatu logikaren aurka egindako ahalegina ere bai".
Kooperatiben elkartasuna
Kooperatibismoak izandako baloreen artean elkartasuna ekarri du gogora MUko ekonomia irakasle Bollainek; bai FEE itxi aurretik, baita ondoren ere: "Erantzun bat eman behar zitzaion eta Mondragon Taldea saiatu zen bertako langileei esker; baina, azkenean, ez zen bideragarria. Ondoren, lan-bazkideei ere eman zaie erantzuna Fagorreko eta Mondragon Taldeko beste kooperatiba askoren arteko elkartasuna eta lanpostu batzuk eskainiz".
Elkartasuna egon zela; horrekin ados dago Ortega ere, baina azaldu du Mondragon Taldea ulertzeko modu ezberdinak ikusi zituztela ikerketarako egindako elkarrizketetan: "Eztabaida egon zen Mondragonek zenbateraino lagundu behar zuen. Kanpotik zegoen begirada ere bazen gehiago kooperatiba bakoitza subiranoa zela eta bakoitzak duela bere proiektuarekiko erantzukizuna. Elkartasuna bai, baina autoexigentzia horretatik ulertu behar da. Dena ezin da izan elkartasuna, eta horrelako bizipenak ere egon ziren".
1.736 lan-bazkideren egoera
Julen Bollain: "Uste dut taldeak bere baitan etapa gainditu duela, zentzu ekonomikoan"
Fagorreko presidente Alustizak 1.736 lan-bazkideen egoeraren gaineko xehetasunak azaldu ditu. Dioenez, 1.405ek izan dute "behin betiko soluzioa". Horietatik 577 dira behin betiko birkokapenen ostean beste kooperatiba bateko bazkide bilakatu direnak. Horien %60 Fagor Taldeko kooperatiba bateko bazkide bilakatu da. Ostera, 320 bazkide dira behin-behinean lanean dihardutenak. Horien %71 ari da Fagor Taldeko kooperatiba batean. Zentzu ekonomikoan "galera inportanteak" gainditu dituztela dio; bat dator Bollain.
FEEren porrotak eragindako eraginak askotarikoak izan ziren, hala nola galera ekonomiko garrantzitsuak –850 milioi euro baino gehiagoko zorra zuen–, konkurtsoari lotutako prozedura legal guztiari aurre egin beharra, eta ziurgabetasun egoeran geratu ziren bazkideen egoeraren kudeaketa –dena den, langabezian geratu ziren ehundaka lagun–. Alustizaren esanetan, testuinguru hartan, "egokien iritziriko urratsak" eman zituen Fagorrek: "Asko zegoen jokoan eta beharrezkoa zen arduraz jokatzea. Finean, orduan emandako erantzunak eta egoerari aurre egiteko gaitasunak eragina izango zuten kooperatibagintzan, Arrasaten, Debagoienean, eta, oro har, Euskal Herrian. Erabakiak gogorrak izan ziren arren, egoera latz hartatik ahalik eta kalte txikienekin irteteko helburuz hartu ziren".
Joxean Alustiza: "Ahalik eta kalte txikienekin irteteko helburuz hartu ziren erabakiak"
Ordaindu-eskuratu auzia
Borondatezko ekarpenak eginez aurrezkiak zituzten FEEko eta Edesako 900 langile baino gehiagok bide judiziala hartu zuten, Ordaindu eta Eskuratu gisa izenpetutako elkarte bidez. Besteak beste, 47,8 milioi eskatzen zituzten ekarpenak galdu egin zituztelako itxierarekin eta konkurtsoaren egoerarekin. Ordainduko zuzendaritza batzordeko kide zen Mikel Olabek GOIENAk 2017an egindako elkarrizketa batean zioen engainatuak sentitzen zirela: "Engainatuta sentitzen gara Kontseilu Errektoreak esaten digulako gure kontua konpondu egin behar zela. En- gainatuta baita FEEk arazorik ez zuela eta finantziaziorako arazorik ez zegoela esan zigutelako". Bergarako epaitegira eta, gero, Gipuzkoako Lurralde Auzitegira jo zuten. Bietan ebazpena bera izan zen, Mondragonen aldekoa: lehen alegazioa argudio hartuta auzia preskribituta zegoela ebatzi zuten.
Elena Laka: "Gorenean lehen galbahea pasatzean garrantzia du; auzia bizirik dago"
Elena Laka abokatuak adierazi du auziak bederatzi puntu zituela: "Lehena preskripzioa zen eta epaitegiak horri heldu zion. Preskribituta zegoela ebatzi zuenez, mamian ez zen sartu. Garaipena Mondragonentzat ez zen borobila izan; preskripzioa onartu arren, ez zen ebatzi engainurik, manipulaziorik... egon zen". Hala ere, uste du langileentzat "garaipen txikia" izan zela Mondragon Taldea auzitegietara eraman zutelako. Auzibidearekin jarraituz, kasazio helegitea jarri zuten langileek Espainiako Auzitegi Gorenean, eta onartu egin zuten. Oraindik ebazpena eman gabe badago ere, Lakak dio auzia bizirik dagoela, lehen galbahea pasa duelako Gorenean.
Zer ikasi da?
Alustiza, Bollain eta Ortega jakitun dira duela 10 urteko egoera errepikatu daitekeela ez bakarrik kooperatibetan, baizik eta edozein enpresatan. Hala ere, Fagorren gertatutakoaren hausnarketa egin dutela dio presidenteak: egun Errektore Kontseiluan hartzen dituzte egoera ekonomiko zailetara egokitzeko unean uneko erabakiak, erantzunak azkarrago emateko. Bestalde, funts propioak indartze aldera, zenbait aldaketa egin dituzte emaitzen birmoldaketari loturiko araudian.
Igor Ortega: "Naturaltasun gehiagorekin onartu beharko genuke enpresek bizi zikloa dutela"
"Ekonomikoki Mondragon Taldeko kooperatibak zurrunagoak dira eta ikusten da zurruntasuna mantentzen dela. Kontuak modu zorrotzagoan eramaten dira, nahiz eta gustatuko litzaigukeen izapideak azkarrago egitea", dio Bollainek.
Ortegak ateratako irakaspenen artean da naturaltasun gehiagorekin onartu beharko litzatekeela enpresa bakoitzak bere bizi zikloa duela, eta funts komunak indartzen jarraitu beharko litzatekeela, inbertitu eta jarduera berriak sortzeko "emergenteagoak" diren sektoreetan, galtzen den lanpostua konpentsatu dezaketenak.
Gaur gauean, GOIENA telebistan
FEEren itxieraren urteurrenaren harira, GOIENA telebistak Itxiera bat. 10 urte. 11 ikasgai erreportaje berezia eskainiko du, gauean, 19:30ean eta 21:30ean.