Plasma dohaintzan eman daiteke Arrasaten

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 11a, 11:15

Plasmaferesi-saioa Arrasateko Kulturateko Biteri gelan ekainean. (Argazkia: Iñigo Biain).

Otsailean hasi ziren plasmaferesi-saioak egiten arrasateko Kulturaten eta irailean Arrasateko ospitalera lekualdatu zituzten; plasma-ateraldiak hileko bigarren eta laugarren martitzenetan egiten dituzte Gasteiztik ekarritako bi makinarekin.

Atzo egin zuten urriko lehen plasmaferesi hitzordua Arrasateko ospitalean. Otsailean hasi ziren Arrasaten plasma ateraldiak egiten, Arabako Odol Emaileen Elkartean sustapen arduradun den Aiala Elorzaren esanetan "argi eta garbi" ikusi baitzuten plasmaferesiak bailaran egin behar zirela, herritar asko joaten baitziren Gasteizera: "Arrasateko, Aretxabaletako edota Eskoriatzako emaileak Gasteizera etortzen ziren hilero. Horrek esfortzu ikaragarria eskatzen zuen haientzat, eta esan genuen, aukera izanez gero, geu hurbilduko ginela".

Plasmaferesiaren prozesuaz galdetuta, honela azaldu du Elorzak: "Ohiko odol-emateetan odola osagai guztiekin hartzen dugu. Plasmaferesian plasma hartzen da soilik. Plasma-emailea makina batera konektatzen da. Makina hori zelula bereizle bat da, eta berak egiten du odoleko osagaien banaketa. Ateratzen duen odol kantitatea filtratu egiten du; plasma kendu eta gainerakoak emaileari itzultzen dizkio. Prozesu hau zenbait aldiz errepikatzen da saio bakoitzean. Horrela, lortzen dugun plasma kopurua handiagoa da".

Sustapen arduradunak azaldu du geroz eta handiagoa dela plasma beharra, eta ez bakarrik EAEn: "Plaketa edo globulu gorrietan autosufizienteak gara, baina plasman ez. Oraindik atzerritik ekarritako plasma behar dugu, gero, plasmari esker egiten diren sendagai horiek guztiak lortu ahal izateko eta ospitaletako farmazien bidez banatzeko. Europako proiektua da", dio. Ahal duten heinean, autosufizientziara heltzea dute helburu "erraza ez" izan arren.

Hilean bi ateraldi

Plasmaferesiak puntu finkoetan eskaintzeaz gain, "herri handietara" zabaltzea erabaki zuten, eta dagoeneko EAEn zazpi herritan eta enpresa batean egiten dituzte ateraldiak. Otsailean hasi ziren Arrasateko Kulturaten eta irailean bertako ospitalera lekualdatu zuten: "Hasieran, Arrasateko Udalarekin, eta, ondoren, Debagoieneko OSIarekin hitz egin genuenean berehala eman ziguten baiezkoa. Zegoen beharra ulertu zuten, eta hasieratik dena erraztu ziguten".

Urriaren 24an izango da hurrengo plasmaferesi saioa; hitzordua aurrez hartu behar da

Aldiro bi makina ekartzen dituzte eta goizean sei emaile hartzen dituzte hiru txandatan eta arratsaldean beste horrenbeste. Hileko bigarren eta laugarren martitzenetan izaten dira oraingoz hitzorduak, baina Elorzak aurreratu du etorkizunera begira badutela asmoa makina finkoak ekartzeko, nahiz eta astean pare bat aldiz erabili: "Momentuz zer nolako eskaera dagoen begira ari gara, eta horren arabera egokitzen joango gara". Ateraldiak 30-40 minutu irauten du. Gainera, plasma "azkar" berreskuratzen denez, hilabete baino ez du itxaron behar emai- leak hurrengo saiorako; hortaz, hilean behin egin dezake dohaintza.

Sustapen arduradunak azaldu ia edozein pertsona izan daitekeela egokia plasma emateko, baita dagoeneko odol-emaileak direnak ere: "Egia da zain egokiak izan behar direla. Estuak badira edo ezkutuan badaude, litekeena da plasma ezin ematea. Dena den, medikuak hartzen du erabakia".

Hitzorduak aurrez

Datozen hitzorduak urriaren 24an, azaroaren 14an eta 28an, eta abenduaren 12an eta 26an izango dira, eta urtarrilean ere jarraitzeko asmoa dute. Beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua hartzea. Interesa duenak informazioa lor dezake plasmaferesi egunetan Arrasateko ospitalean, herrietan jartzen dituzten odol-ateratze autobusetan edota 945 00 78 78 telefono zenbakira deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak