Fagor Taldearen arabera, "krisi latzean" murgildu ziren duela hamar urte. "Taldeak zituen zortzi kooperatibetako batek, handienak eta ezagunenak, bueltarik gabeko beherakada izan zuen. Askotarikoak izan ziren Fagor Etxetresnen itxierak izan zituen eraginak: galera ekonomiko garrantzitsuak, konkurtsoari lotutako prozedura legal guztiari aurre egin beharra, eta bereziki, ziurgabetasun egoeran geratu ziren bazkideen egoera kudeatzeko betebeharra". Ordu hartan, "lehentasuntzat" izan zuten egoerari buelta ematea eta, azaldu dutenez, orduz geroztik, "zenbait elkartasun mekanismo indartzearekin batera", hainbat egokitzapen egin dira.
Emandako datuen arabera, 5.600 langile zituen Fagor Etxetresnak kooperatibak duela hamarkada bat, eta horietatik 1.736 bazkide langileak ziren. Hori dela eta, "elkartasun mekanismoak" jarri nahi izan zituzten martxan. "Langabezia prestazioa, aurretiko erretiroak eta beste kooperatibetan birkokatzea izan ziren horien artean esanguratsuenak. Finean, aurrekaririk gabeko egoera hari aurre egiteko, arauak moldatu beharra izan zuen Lagun Arok". Hain justu, zehaztu dute "bikoiztu" egin zela Lagun Aron dauden ia ehun kooperatibetako bazkideek langabezia prestazioa finantzatzeko ordaintzen duten kuota, aurretiko erretirorako aukera eskaini zitzaiela 55 urtetik gorakoei eta birkokapenak "azkartzeko" mekanismoak abiarazi zirela.
Lehentasunak zehaztuta
Birkokatzeetan jarri zuten arreta ordu hartan, eta nabarmendu dutenez, horretarako "funtsezkoa" izan zen Mondragon korporazioa osatzen duten kooperatibek izan zuten "inplikazioa". Haien hitzetan, "behin betiko soluzioa" izan zuten Fagor Etxetresnak kooperatibak zituen 1.736 bazkidetatik 1.405ek. "Birkokapenetarako konpromiso irmoa hartu zen Fagor Taldean (…). Bazkideek ere ahalegin berezia egin beharra izan dute azken hamarkadan. Guztion artean egin zaio aurre egoerari".
Hala, gaineratu dute "irakasgaia" izan dela eurentzat egoera hau guztia. "Eredua sendotzera eta babestera bideratutako hainbat aldaketa egin ditugu azken urteetan", eta aipagarritzat jo dute "kooperatibaren egoera ekonomiko-finantzarioarekin zorrotzagoak eta erantzunkideagoak izateako" arau markoan egindako aldaketak. "Orain, prestatuago gaude merkatuan gertatzen diren gorabeherei azkarrago erantzuteko eta etorkizuneko testuinguru aldakorretara egoki moldatzeko".
Egungo egoerari begira
Fagor Taldeko arduradunek, beraz, baikor begiratzen diote etorkizunari. Zortzi kooperatibak "osasuntsu eta sendo" daudela jakinarazi dute, eta liderren artean direla automozioaren, etxetresnen osagaien, makina erremintaren, ostalaritza zein sukaldaritza ekipamenduen edo eguzki energiaren sektoreetan.
Orain, beraz, erronka berriak dituzte eskuartean, batez ere, iraunkortasunari eta digitalizazioari ezaugarritutako testuinguru berrira moldatu nahian, lehiakorrak izateko nahia dute. "Beti ere, egungo lanpostuak mantendu eta berriak sortzen jarraitu guran. Eta horretan geratu barik, kooperatibagintzak bereizgarri duen gobernantza demokratikoa hobetzen ere badihardugu. Fagorrek kideen ongizaterako urratsekin uztartzen ditu horiek".
Era berean, azpimarratu dute Fagorrek arreta berezia duela jarrita Lur planetaren iraunkortasunean, eta hainbat ekimen abiarazita dituela "kooperatibetako ekoizpen prozesuek eta produktuek ingurumenean sortzen duten inpaktua murrizteko". Are gehiago, erantsi dute gizartearen aldeko lanean jarraitzeko konpromisoz dihardutela lanean; esate baterako, Fagor Taldearen gizarte funtsaren bitartez.