Maitasunaren adarrez

Julen Murua Mesonero 2023ko urr. 7a, 13:23

Beobide eta Oses haien lana interpretatzen. Irudia: Azpeitiko kultur kooperatiba

2022. urteko ekainean lortu zuten Maria Oses arrasatearrak eta Eider Beobide donostiarrak Azpeitiko Udalak ematen duen sorkuntza beketako bat. Beka hori aprobetxatuz, "maitasuna ardatz" duen ikuskizun batekin lanean hasi ziren, hari forma ematen eta xehetasunei amaiera ematen, azkenengo lanera iritsi arte: Intsumisoena.

Azpeitiko Dinamoa Sormen Guneak urtero ematen ditu sormenari bideratutako beka horiek; Oses eta Beobidek paperean soilik zeukaten proiektua aurkeztu zuten, eta dirulaguntza bat zein Dinamoan bertan proiektua garatzeko aukera jaso zuten: "Oso laguntza handia izan zen, eta horrek bultzatu gintuen proiektuarekin aurrera jarraitzera".

Eskaintzen dutena

Intsumisoena "ikuskizun hibrido bat" dela adierazi du Osesek, ez baita "antzerki bat edo errezital bat; da collage antzerako zerbait, non agertzen diren poesiak, antzerkiak, narrazioak… Denetik duen ikuskizun bat da". Collage guztia lotzen duen hariak maitasuna du ardatz, eta izenak ere horrekin du zerikusia: "Maitasunak ertz asko ditu, eta guk transmititu nahi duguna da gure ikuspuntu ezberdinak maitasunari dagokionez. Intsumisiotik edo maitasun mota tradizionaletik kanpo dagoen zerbait erakustea da nahi duguna, eta horregatik izen hori".

Ikuskizuna lau zatitan banatuta dago, eta zati horietako bakoitzak maitasunaren atal bat izango du oinarri gisa: "Lehenengo zatia maitasunaren hasieraren ingurukoa da, eta hasierako ilusio hori lantzen du. Bigarren zatian, sexua eta gorputzarekiko dugun harreman horretaz hitz egiten dugu. Hirugarrenak autoestimuaren eta norbere buruarekiko dugun maitasunaren inguruan hitz egiten du; eta azkena maitasunaren amaieraren ingurukoa da, nostalgia horren bueltan oinarritutakoa".

Egile ezberdinen esanak

Lanean, Osesek eta Beobidek maitasunari buruz daukaten ikuspegia islatzen da, baina horretarako emakume sortzaile ezberdinen lanen zatiak ere erabili dituzte, ikuskizuna osatzeko asmoarekin. Hurrengoak dira lanean zehar agertzen diren artistak eta haien lanetako zatiak: "Ikuskizunean, hurrengo sortzaileen lanen zatiak agertzen dira: Sara Torresen Lo que hay liburua; Leonor Cervantes Vargasek egunkarietan idatzi izan dituen artikuluak; Samantha Hudsonen eta Dominique Jacksonen diskurtso bana; Elena Codesen Pena penita pena poema; Agota Kristofen La hache antzerkiko zati bat; Fleabag telesailaren zati bat eta Gata Cattanaren Con las manos poema".

Garaion Sorgingunean

Oso gune berezia da Garaion Oses eta Beobiderentzat, eta bertan eskainiko dute ikuskizuna urriaren 8an. "Sortzaileentzat toki segurua eta erosoa" dela aitortu du arrasatearrak. Lekuak berak eta bertako jendeak erosotasuna transmititzen dutela adierazi du Osesek: "Sorkuntza prozesuak beti dira gorabeheratsuak, eta horrelako leku batean aurkeztea oso aukera polita iruditu zitzaigun".

EITB kulturako saio bat bertan grabatu zuten, eta proposatu zieten Emakumeak Plazara ekimenean parte hartzea. Ekimenak Garaionen emakume sortzaileen lanei toki bat ematea du helburu, eta osatutako egitarauaren parte izango dira Oses eta Beobide; Intsumisoena aurkeztuko dute urriaren 8an, 13:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak