Nati Roa: "Lorpena izan da, baina hasiera besterik ez da"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 6a, 10:11

Nati Roa Espainiako barne arazoetako ministerioak bidalitako dokumentazioarekin. (Argazkia: I.A.A.).

Eusko Legebiltzarrak Memoria Historikoaren Legea onartu zuen irailaren 28an, EAJ, EH bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzaren aldeko botoekin. Nati Roa arrasatearra frankistek eraildako Florencia Olazagoitia Zeziagaren biloba da eta dekretuaren onarpena bertatik bertara ikusi zuen legebiltzarrean baitzegoen.

1936ko azaroan erail zuten Florencia Olazagoitia frankistek. Haren biloba Nati Roa legebiltzarrean zegoen Memoria Historikoaren Legea onartu zutenean. Dekretuaz eta orain arteko bideaz aritu da GOIENArekin.

Bi urteko tramitazioaren ondoren, Memoria Historikoaren Legea onartu du legebiltzarrak.

Pozik gaude, lorpena izan da. Egia da, ordea, hasiera besterik ez dela. Orain dator lana. Memoria historikoaren elkarteek lan asko egin dute, Gogora Institutuak ere bai. Haiengatik ez balitz, ez genuke memoriarik edukiko, tabua zelako.

Hasiera besterik ez dela diozu. Hemendik aurrera zer dator?

Makinaria martxan jarri da. Gogorak lanean jarraitu beharko du: biktimen datu-baseak osatu behar dira, memoriaren lekuak aurkitu... Memoria historikoaren elkarteek gusturago lan egin ahal izango dute instituzioek babesa emango dietela suposatzen delako. Gainera, kasu batzuetan, Gogorak aholkularitza juridikoa emango du, baina kasurik kasu aztertu behar da. Niretzat artxiborako sarbidea da garrantzitsuena. Lan asko dator; 87 urtez artxiboak itxita egon dira. Komisarietan dago informazioa, eta horrek guztiak memoria historikoaren artxiboan egon beharko luke.

Zure amona Florencia Olazagoitiaren erailketa argitzeko epaitegietara jo duzu.

Donostiako bi epaitegietan eta Madrilgo Auzitegi Konstituzionalean jarritako kereilek ez dute aurrera egin. 1977ko Amnistia Legea dela-eta, ez daukat ezer egiterik. Beraz, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordera jo nuen. Kereila aurkeztuta dago, baina luze joko du. Nire ustez, momentuz, bide bakarra da gehiago jakiteko.

Iazko urrian Espainiako senatuan onartu zuten lege bera. Orain EAEn. Informazio berririk lortu duzu?

Aurtengo martxoan lehen aldiz jaso dut Espainiako Barne Ministeriotik Donostiako komisarian zegoen familiako hiru kideren dokumentazioa; 2022an egin nituen eskaerak. Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak eta Paco Etxeberria forentseak ezin zuten sinetsi. Paperen arabera, amona Guardia Zibilak atxilotu zuen 1936ko irailaren 26an Arrasaten; Ondarretako kartzelara eraman, eta 1936ko azaroaren 5ean hil zuten. Zertaz akusatu zuten ere jartzen du. Halaber, 1936 eta 1945 bitartean frankismoak EAEko kartzeletan preso hartutako 37.000 pertsona identifikatu dituzte; horietako 500 hemengo bizilagunak dira. Kontsulta egiteko zerrendan izena eman dut.

Zergatik itxaron duzu 2022ra arte?

Beldurragatik. Aitak ez zuen horretaz hitz egin nahi, lotsagatik, baina nik jakin egin nahi dut zer gertatu zitzaien nire amona eta aitari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak