Javier Sanchez: "Seguruenik, nire bizitzako hitzaldi hunkigarriena izan zen Arrasatekoa"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 5a, 23:30

Javier Sanchez Perona, liburua eskuan duela. (Argazkia: Mar Sanchez, CSIC).

Nagusien Astearen baitan, arrasatearrak hitzaldia eta tailerra egin zituen joan den astean, berak idatzitako Los alimentos ultraprocesados liburua ardatz hartuta.

CSICeko zientzialaria da Javier Sanchez (Arrasate, 1973), eta irakaslea ere bada Sevillako Pablo de Olavide unibertsitatean.

Nolako harrera izan zenuen Arrasaten?

Zoragarria izan zen. Esaerak dio inor ez dela profeta bere herrian. Ez dakit profeta naizen, baina aurreikusi baino jende gehiago etorri zen; beraz, oso pozik nago harrerarekin.

Zer da elikagai ultraprozesatu bat?

Definizio zaila eta anbiguoa da, baina nik hala laburbilduko nuke: prozesu industrial bat jasan duen elikagai bat, lehengaia ezagutzen ez duguna. Azken batean, elikagai berri bat. Azukre, koipe ase eta gatz kantitate altuak izan ohi dituzte, koloratzaile, aroma eta bestelakoekin batera.

Nagusien Astean izan zinen. Zer garrantzi du nagusiengan elikagai ultraprozesatuak saihesteak?

Oraindik ez da zehazki landu gai hori. Izan ere, ultraprozesatuen gaineko ikerketak oso berriak dira, terminoa bera 2009an proposatu baitzen eta definizioa 2015ean egonkortu. Bestalde, adin nagusikoek ez dituzte gazteek beste kontsumitzen janari ultraprozesatuak. Hala ere, edozein adinetan saihestu edo murriztu beharko genituzke. Ebidentzia zientifikoak diosku elikagai hauen kontsumoak obesitatea pairatzeko arriskua %40 hazten duela, eta diabetesaren kasuan, %75. Elikagai hauetako zati bat gure dietan txertatzean, gaixotasun kardiobaskular bat izateko arriskua %7 hazten da, eta gaixotasun horien ondorioz hiltzeko arriskua, %9.

"Elikagai hauen kontsumoak obesitatea pairatzeko arriskua %40 hazten du eta, diabetesaren kasuan, %75"

Zertan eragiten digute?

Mekanismoak ezezagunak dira oraindik, baina uste dugu azukrearen, koipe aseen eta gatzaren kontsumo altuarekin zerikusia izan dezakeela. Horrez gain, mendekotasuna eragin dezakete, burmuineko oreka mekanismoak estimulatzen dituztelako.

Zein beste gaitz eragin ditzakete?

Elikagai hauen kontsumoa alzheimerrarekin eta minbiziarekin erlazionatzen duten datu batzuk ditugu. Halaber, depresioarekin eta bestelako buruko gaitzekin duten harremana ere ikertzen ari dira.

Kontsumoa gora egiten ari da?

Nahiko ebidentea da, baina ez daukagu datu eguneraturik. Espainia mailakoak 2010ekoak dira, eta Euskal Herri mailakorik ez dut ezagutzen. Osasun eta kontsumo arloko hainbat autoritatek ez dute terminoa onartzen, eta ultraprozesatuen kategoria ez dute txertatzen haien inkesta ofizialetan.

Nola saihestu beharko genituzke?

Zaila da, leku guztietan daudenez gero.

Tailer bat ere egin zenuen Arrasaten. Zertan oinarrituta zegoen?

Ultraprozesatuak identifikatzea zen helburua, zegokion kategorian jarrita. NOVA sailkapenaren araberakoa da; lau talde daude. NOVA 1 taldean, prozesatu gabe dauden elikagaiak edo oso gutxi prozesatutakoak daude; NOVA 2 taldean, sukaldaritzako osagaiak; NOVA 3 taldean, elikagai prozesatuak, eta azkenengoan, ultraprozesatuak. Parte-hartzaile bakar batek ere ez zituen guztiak asmatu; oso zaila da identifikatzea.

Irakaslea eta komunikatzailea zara. Ze garrantzi ematen diozu horri?

Zientzialariondako ezinbestekoa da. Gizarteari komunikatzen ez badiogu, jendeak ez daki zertan ari garen. Gure lana pertsonei zuzenduta dago, beraz, eskubide osoa dute jakiteko zer egiten dugun haien diruarekin.

"Zientzialariondako ezinbestekoa da komunikatzea, bestela jendeak ez daki zertan ari garen"

Arrasatearra zara. Gaur egun, ze harreman duzu zure jaioterriarekin?

Zoritxarrez, nahi nukeena baino gutxiago. 23 urterekin joan nintzen eta 50 urte ditut. Edozelan ere, beti esango dut arrasatearra naizela. Han jaio eta hazi nintzen, eta, familiaz gain, hango lagun asko ditut. Ahal dudan guztietan itzultzen naiz, nahiz eta inoiz ez den nahikoa. Hemengo hitzaldia ere berezia izango zen, beraz. Noski. Sekulako ilusioa nuen eta, seguruenik, nire bizitzako hitzaldi hunkigarriena izan zen. Hainbeste senide eta lagun ikustean oilo-ipurdia jarri zitzaidan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak