Iritsi da eguna. Guztia prest dute Maritxu Kajoi egunerako. "Ardorik ez da faltako gaur. Tabernariek egin beharreko eskariak egin dituzte aste honetan eta banatzaileak ere gelditu barik aritu dira lanean. Maritxuk berak ere miraria prest izango du dagoeneko; beraz, guztia prest daukagu", nabarmendu du Jokin Zubiriak, Maritxu Kajoi Komisiñoko kideak.
Badu zerbait berezia gaurko egunak. "Kuadrillako Whatsapp taldeak asaldatu egiten dira azken egunotan, eta aspaldi ikusi bako lagunak ere agertzen hasten dira Maritxu Kajoiren aitzakian. Bazkaltzeko tokia bermatu ostean, norbere etxeko trajerik dotoreenak kalera aterako dituzte arrasatearrek", gaineratu du Zubiriak.
Gaur goizean hasi eta bihar goizera arte luzatuko dute festa. Izan ere, egubakoitza hasteko, txokolate beroa jan dute goizean goiz, 06:00etan, "pintxo-poteko nostalgikoendako". Etxafuegoekin festarako txinparta piztu ostean, 12:00etan irekiko dute Monteazpiko txosnagunea, txikiteoaz gozatzeko. Bazkalostean, haurrendako aisialdi eskaintza hezitzailea egongo da, 17:00etan hasita. Horri dagokionez, Zubiriak azaldu du Txatxilipurdirekin duten elkarlana zabaldu egin dutela aurten. "Hala, ludoteketako hezitzaileekin batera, eskaintza hezitzaileago bat egiten saiatu gara, umeen beharrak eta jolasteko gogoak erdigunean jarriko dituena". Ondoren, Oria txarangaren doinuak izango dira entzungai Herriko Plazan eta inguruan, Maritxu Kajoiren miraria iritsi bitartean. 20:30ean izango da hori, lore eskaintzarekin batera. Elektrotxarangarekin beste apur batez jarraitu ostean, Luhartz taldearen emanaldia egongo da 23:00etan plazan eta, hori bukatzean, bihar goizera arte luzatuko da festa. "Gau osoko festaren ostean, eta etxera joaten ez dakienarendako, Izenbarikuak txarangak girotuko du bihar goizaldea, txosnagunetik abiatuta", dio Zubiriak.
Argazki herrikoia 13:30ean
Aurten eskapulario berdea izango da, eta atzeko mezua azaroaren 30ean egingo duten Greba Feminista Orokorrari keinu bat egiteko baliatu dute: Lanbide eta langintza, feminismoa baldintza, geldituz bagabiltza; gurea bada hitza, greba da gure ekintza: jarri erdian bizitza!. Era berean, Greba Feminista Orokorraren aldeko argazki herrikoia aterako dute 13:30ean txosnagunean, "aldarrikapena eta festa eskutik doazela erakutsiz", Arrasateko Denon Bizitzak Erdigunean taldeko kideek azaldu dutenez. "Egun berezi eta dotore honetan ere feminista guztiena izango da hitza eta ekintza denon bizitzak erdigunean jartzeko, eskapularioko mezuak dioen bezala. Animatu grebarekin bat egitera!", gaineratu dute.
Eskapularioari dagokionez, azkenik, tabernetan salgai jarriko dituzte eta gaur goizean Arbolapetan eskuratu ahal izango dira. Arratsaldean, berriz, kalean salduko dituzte komisioko kideek, agortu arte.