Julen Arenaza: "Min hartzeko beldur bazara, BMX-a ez da zuretako kirola"

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 29a, 12:32

Josu Arenaza (Arrasate, 2009) Oztopo Trialsin taldeko pilotua da, baina azken bizpahiru urteotan bizikletaz aldatu eta BMXari eskaini dizkio ordurik gehienak. Horrexek motibatzen du orain momentuan, eta udan izan dituen estatu mailako bi txapelketa handienetan nabarmendu egin da. Ourensen abuztuan egindako O Marisquiño txapelketan bigarren izan zen junior mailan, eta han eskuratu zuen joan den asteburuan Urban World Series-ek antolatutako Extreme Barcelonan esku hartzeko txartela. 

Nolatan hartu zenuen esku O Marisquiño txapelketan?

Abuztuan Galizian egiten duten jaialdia da, eta kontzertuekin eta bestelako ikuskizunekin batera kirol modalitate ezberdinetako txapelketak ere egiten dituzte: skate, BMX, dirt jump... Denboratxoa neraman etxekoak hara eramateko konbentzitu nahian, eta txapelketan izena emanda parte hartu ahal izan nuen.

Eta handik Urban World Series-etara, Bartzelonara...

Bai, kontua da Barcelona Extreme jaialdiko antolatzailea O Marisquiñon zegoela, eta han lortu nuen bigarren postuak ateak ireki zizkidan Bartzelonarako, azken txapelketa horretara joateko gonbidapena behar duzulako. Bartzelonako hirugarren postuak asko poztu nau, maila handiko jendea zegoen, saltoak eta bestelakoak handiagoak ziren...

BMXa ez da oso ezaguna gurean, eta esango nuke azpiegitura aldetik ez garela erreferenteak. Nondik nora sortu zaizu zaletasun hau?

Urteak daramatzat Oztopon, baina hor trialsina egiten dugu. Etxean BMX bizikleta ere baneukan, eta poliki-poliki trukuak eta halakoak egiten hasi nintzen, eta motibatzen joan nintzen. Baina ez, nire adinarekin Euskal Herrian ez daude txapelketetara joaten diren asko. Gainera, BMXean ibiltzera skate park handietara joan behar izaten dut, Amurriora, Azpeitira, Miranda de Ebrora, Leioara... Hemen egon badaude, baina akaso ez dira BMXa egiteko horren egokiak.

Gurean zenbait pumptrack egin dituzte; Arrasatekoa berria da, esaterako. Balio dute BMX bizikletekin ibiltzeko?

Bai, balio dute. Pumptrack-aren koloreak erakusten du ze zailtasun duen, eta, zorionez, Arrasateko bat gorri kolorekoa da; alegia, bertan jauzi handi samarrak egin daitezke, trukuak egin daitezke... Kontua da BMX barruan modalitate ezberdinak daudela: lasterketak edo freestyle-a, esaterako. Lasterketetako bizikletak luzeagoak dira, eta arinagoak... Eta freestyle barruan ere hainbat aukera daude: street-a –kalean ibiltzea–, BMXeko parke batean ibiltzea, dirt jump-a... Eta gurean, esaterako, skate park handirik ez dago.

Eta txapelketetara joatera animatzen diren lagun askorik ere ez... 

Ez, egia esan, halako txapelketetara joaten hasi den bakarra naiz. Eta ez hemen bakarrik, Euskal Herrian ere ez dut askorik ezagutzen. Arrasateko pumptrack-ean geroago eta gazte gehiago ibiltzen da, eta pozgarria da. Ea poliki-poliki gazte horiek animatzen joaten diren.

Trialsina egin izanak oinarri ona emango zizun, seguru.

Bai, zalantza barik. Trialsinean asko lantzen da bizikleta gaineko oreka, eta, gainera, bizikleta gaineko truku batzuk oso antzerakoak dira. Eskola ona da trialsina.

Arenaza, ezkerrean, O Marisquiñoko podiumean.

Zer behar da BMXean aurrera egiteko?

Bereziki motibatuta egotea, gauza berriak egiteko gogoz, salto berriak probatzeko nahia izatea, bizikleta gainean truku berriak probatzea... Eta lesiorik ez izateak ere laguntzen du. Dena dela, badago esaldi bat esaten duena min hartzeko beldur bazara BMXa ez dela zuretako kirola. Aurrera egiteko, erorikoak izan behar dira; inor ez da libratzen. Hezurren bat apurtzea... Gerta daitekeen zerbait da.

Emaitza horiek lortuta, txapelketetara joateko gogoz egongo zara...

Bai. Datorren urtean, esaterako, Madrilen eta Almerian egingo dituzte Urban World Series-ak, eta Madrilekoetara joan nahiko nuke. Bestalde, maiatzean, Montpellierren (Frantzia) halako beste jaialdi bat egingo dute –Fise izenekoa– eta ederra izango litzateke halakoren batean parte hartzea. Eta X-Games-ak ere hor daude... Txapelketa horiek handiak dira; oraindik goiz da halakoetan parte hartzeko, baina pare bat urte barru edo... Bizikleta gainean entrenatzen jarraitu beharko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak