Anixe: "Badut euskara eta gaztelania nahasteagatik barne borroka"

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 22a, 16:29

Anixe, mikroa eskuan, taulagainean.

Anixe Uribarren (Arrasate, 1996) Barakaldoko Hiriko Soinuak lehiaketako finalera sailkatu da, Berdintasun Sariak atalean. 20 minutuko emanaldia egingo du bihar, zapatua, Oihan Uribarren anaiak –Fane– eta DJ Urbek –Ur Bruña– lagunduta.

Nondik nora iritsi zara Hiriko Soinuak-eko finalera?

Amak esan zidan Gaztean lehiaketaren berri ematen ari zirela. Aurretik grabatutako bi abesti eskatzen zituzten, eta nireak aurkeztea erabaki nuen. Ezustekoa izan da Berdintasun sarien atalean finalera iristea, jende asko aurkeztu delako.

Noiztik abeslari?

Gogoan dut 18 urte ingururekin zerbaitetan hasi nintzela. Audacity deskargatu, trasteatzen hasi, bideoak modu anonimoan Youtubera igo... Pandemia ostean, baina, serioago hasi nintzen honekin guztiarekin. Anaia ikusten nuen Etxepe proiektuan esku hartzen eta ni ere animatu egin nintzen. Soinu txartel bat erosi, autotuneak ematen zituen aukerak ikusi... Inoiz ez dut kantuko eskolarik jaso eta nire kabuz hasi nintzen...

Eta bi kantu grabatu dituzu dagoeneko.

Azkena abuztuan grabatu nuen. Denso-k esan zidan estudiora joateko eta zerotik hasiko ginela zerbait sortzen, eta hor hasi ginen O de Tualet abestiko oinarriarekin lanean. Anaia ere animatu zen grabaketan esku hartzen eta hori da lehiaketara bidali duguna. Pozik geratu naiz emaitzarekin.

Urban edo kaleko musika, afrobeat-a eta reggaeton-a fusionatzen dituzu. Eta abestietan euskara eta erdara nahasten dituzu. Hori geroago eta ohikoagoa da zuen musika estiloan.

O de Tualet abestian modu organikoan atera zait horrela, kontziente izan barik. Ez pentsa, niri ere ematen dit zer pentsatua, gaztetatik euskaraz egin behar dugula esan digutelako, baina niri bi hizkuntzak nahastea natural ateratzen zait. Norbaiti kritikagarria iruditzen bazaio, bada onartuko ditugu kritikak.

Ze asmo biharko?

Ondo pasatzera noa, ikastera, eta taula gainean esperientzia hartzen jarraitzera, hasiberria naizelako. Gainera, besteen emanaldiak ikustea ere beti izaten da inspirazio iturri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak