Itxura berriarekin hasi du ikasturtea gaztelekuak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 21a, 17:21

Duela urtebete ireki zuten gazteleku berria, tren geltoki zaharrean, eta apurka-apurka ari da itxuraldatzen; joan den asteburuan abiatu zuten 2023-2024 ikasturtea eta 12 eta 17 urte arteko arrasatearrei deialdi berezia egin diete Txatxilipurdiko hezitzaileek.

Espazioa nerabeendako den heinean, haien berbak eta nahiak kontutan hartzen dituzte hezitzaileek, bai espazioaren antolaketari dagokionez, baita egiten dituzten ekintzei dagokienez ere. Hala, batetik, mural bat egin dute. "Hasieran, pareta guztiak zuri zeuden. Zuritasun horrek hoztasuna transmititu dezake agian eta, beraz, mural bat egin genuen", azaldu du Leire Aranzabalek, gaztetxoko zerbitzuko koordinatzaileak. Gaineratu duenez, gainontzeko paretak apaintzen ere hasiko dira laster, datozen erabiltzaileen arabera, aldatzen baitoaz. "Dagoeneko baditugu ideia batzuk beste mural batzuk egiteko ere".

Erabiltzaile berriak gura dituzte

Kokapena berria denez, gazteak erakarri eta zerbitzua berriro aktibatzen aritu dira orain arte, Aranzabalek dioenez. "Halaber, espazioa atontzen ari gara oraindik: behean, agertokia muntatu dugu; koltxoiak jarri eta goxo egoteko espazioak egokitu ditugu; gela mugitua jarri dugu; goian, murala egin dugu eta sormenerako espazio bat egokitu dugu, baita mahai-jolasetan aritzeko txokoa ere. Azkenik, sukalde txiki bat ere egin dugu".

12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako zerbitzua da eta joan den asteburuan ireki zituen ateak. "Iazko erabiltzaileak etorri ziren, baina erronka da erabiltzaile berriak erakartzea. Hori dela eta, arrasatear gazteei deialdi berezia egin diete: "Gerturatu zaitezte eta ezagutu gaztelekua. Amesteko eta sortzeko espazio bat da, zuen nahiak egikaritzeko bidelagun izango gaituzue".

Egubakoitzetan, 18:00etatik 21:00etara eskaintzen du zerbitzua; zapatu eta domeketan, 17:00etatik 21:00etara.

Astean zehar, gaztetxokoak

Astean zehar, Musakolako, San Andreseko eta Erguingo gaztetxokoek ematen diete zerbitzua 12 eta 17 urte arteko nerabeei, martitzenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara. Horiek ere, gaztelekua moduan, espazio hezitzaileak dira. "Helburu nagusietako bat da erabiltzaileak aske sentitzea eta espazio seguru batzuk sortzea", azaldu du Aranzabalek. Hala, hezitzaileek gaiak proposatzen dituzten arren, erabiltzaileen beharretara egokitzen dute eskaintza.

Ate irekien jardunaldiak ludoteketan

Okendo, Santamaña eta Usaetxeko ludotekek astelehenetik egubakoitzera eskaintzen diete zerbitzua 3 eta 11 urte artekoei, 17:00etatik 20:00etara. Hilaren 29ra arte, zerbitzua doan probatzeko aukera egongo da eta urriaren 2an irekiko dute izen-ematea. Urte osoko prezioa 30 eurokoa da eta hiruhileko batekoa, 10 eurokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak