Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egia eskatzen jarraitzen du 1936ko gerran gertatutakoari buruz. "87 urte igaro dira gure aitajaun-amandreak, pertsona zibilak zirenak, hil zituztenetik. Desagertuta jarraitzen dute. Ez dakigu egia osoa. Haien salatzaileek eta hiltzaileek ez zuten eskatu inoiz barkamenik. Eta Justiziak jarraitzen du beste albo batera begiratzen", adierazi dute.
Hala, Euskal Herriko diputatu hautetsiei ekimen parlamentario sustatzeko dei egin die, "dokumentazioa eroan dezaten Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentrora eta leku horretatik dokumentazioaren kopia bat bidali diezaieten pertsona zibil desagertuen senideei".
Barne Ministerioaren erantzuna
Espainiako Barne Ministerioak, bestalde, erantzun ofiziala eta dokumentatua eman dio, lehenengoz, Arrasatetik desagertutako pertsonen hiru bilobek egindako eskaerari: Gregorio Sampedro Azpiazu, Jose Antonio Urionabarrenetxea Isasmendi eta Florencia Olazagoitia Ceciaga. Honako hau dio erantzunak: Guardia Zibilak atxilotu zituen. (Arrasaten agintari zibil eta militar nagusiak ziren Jesus Gorosabel Mendia alkatea eta Rafael Latorre Roca teniente koronela). Gobernadore zibilaren (José María Arellano Igea) esku jarri zituzten, eta hark Ondarretako espetxera eroan zituen, egun batzuk geroago plazako epaile militarraren (Ramiro Llamas del Toro komandantea) esku jartzeko.
Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideentzat, ordea, erantzuna ez da nahikoa. "Ez digute esaten zer gertatu zitzaien gero; baina badakigu jakin inoiz ez zirela itzuli Arrasatera". Era berean, "gabezia demokratikoa" salatu dute. "87 urte igaro eta gero gure senideen dokumentazioa ez egotea artxibo zibiletan eta Guardia Zibilaren artxiboetan jarraitzea gabezia demokratiko hutsa da. Horrek ez ditu errespetatzen pertsona desagertuei buruzko nazioarteko eskubideak". Izan ere, CIRC Gobernuetako eta gobernuz kanpoko adituen Nazioarteko Konferentziak eskubide hori aitortzen du.
Irailaren 26an, lore eskaintza
Jakina da Debagoieneko 123 gizon eta emakume hil zituztela kolpistak bailaran sartu zirenetik. "Gure ustez, gutxienez 47 zibil, Arrasate, Oñati, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Gatzagakoak, egoera berean egongo lirateke, eta ehunka gehiago Gipuzkoako beste eskualde batzuetan", diote elkartetik.
Urtero moduan, 1936ko gerran hildakoei lore eskaintza egingo diete Arizmendiarrieta plazako monolitoan, irailaren 26an, 18:30ean.