Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Mondragon Unibertsitateak eta Laboral Kutxak talentu gazteak erakartzeko

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 18a, 11:25

Lander Beloki, Nuria Agirre eta Carlos Garcia. (Argazkia: Mondragon Unibertsitatea)

Talentu gazteak trebatzeko eta erakartzeko hitzarmena sinatu berri dute bi erakundeek, "haien enplegagarritasuna hobetu eta ekintzailetza-gaitasuna sustatzeko". Hitzarmenaren ondorioz, finantza-erakundeak Laboral Kutxa Ikasgela izeneko espazioak jarriko ditu martxan Mondragon Unibertsitatearen instalazioetan.

Ikasgela horietako bat Arrasaten egongo da eta bestea, Bilbon eta horietan garatuko dituzte, besteak beste, datu-teknologiaren, datu-analisiaren, garapen teknologikoaren eta kontsumorako finantzaketaren alorreko proiektuak.

Bi erakundeek 2021ean sinatu zuten esparru-akordio bat berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta talentuaren arloetan lankidetzan jarduteko eta oraingo hitzarmena horren barruan dago. Sinadura ekitaldian elkartu dira Carlos Garcia, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusia; Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa; eta Nuria Agirre, Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria.

Ingeniariak eta enpresagintzako ikasleak

Arrasateko Laboral Kutxa Ikasgelako ingeniaritzako ikasleek datu-teknologiaren, garapen teknologikoaren eta altxortegiaren alorretako soluzioak garatuko dituzte lehen urtean. Bilbon, ostera, Enpresagintza Fakultateko ikasleak elkartuko dira datu-analisiaren eta kontsumorako finantzaketaren alorretako proiektuak lantzeko.

Prentsa-ohar bidez adierazi dute Laboral Kutxarentzat oso garrantzitsua dela entitatean integratzeko gai diren talentu gazteak erakartzea. Horregatik, kanpoko praktika akademikoak sustatuko dituzte: "Ikasleek prestakuntza akademikoan ikasitakoa aplikatu eta osa dezaten, eta beharrezko trebetasunak lor ditzaten, lanbide-jarduerarako prestatzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta ekintzailetza-gaitasuna sustatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak