Osasun sektorearen erronkak diren zahartzea, industria adimentsua eta bioteknologia landu dituzte goizeko jardunaldi monografikoan eta ekitaldian hartu dute parte, besteak beste, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua; Jose Luis Quintas, Osasun sailburuordea; Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Maria Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendaria; Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Nazioartekotzeko zuzendaria; Rikardo Bueno, BRTAko zuzendaria, eta Asier Albizu, Basque Health Clusterreko lehendakaria.
2009tik lanean
Duela 14 urte abian jarritako ekimena da Mondragon Health eta, gaur egun, lankidetzan dihardu zazpi kooperatibekin (Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar, Erreka Health, Fagor Healthcare, GSR eta Osarten) eta Mondragoneko Sustapen Zentroarekin. 1.700 langile baino gehiago ari dira lanean, eta adierazi dutenez, salmenta zifra agregatua 120 milioi euro ingurukoa da.
Zerbitzuen eskaintza osatzen dute, hala nola, ospitaleetarako material suntsikorrak, farmakoak banatzeko gailuek, desfribiladoreek, laguntza zerbitzuek, espezialistek, Startups ekosistemak eta analisi kliniko nahiz toxikologikoen laborategiak.
Halaber, aurreratu dute "ekosistema propioa sortzeko apustu estrategikoa" egiten ari direla, eta adibide bezala jarri dute Cocoon Bioscience, teknologia aitzindari eta disruptiboa duen startup bat: "Proteina eta entzima bioaktiboak azkar eta errentagarritasunez ekoizteko aukera ematen du osasunaren eta elikaduraren sektoreetako proiektu berritzaileetarako". Planta berria 2024an inauguratzea aurreikusten dute, Zamudion dagoen Bizkaiko Parke Teknologikoan.