Arte garaikidea herrira gerturatzeko erakusketa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko ira. 15a, 12:36

Andoni Arratibel zinegotzia, Ander Perez komisarioa eta lau artistak.

Harriak programaren barruan Guacamayo erakusketa zabalduko dute gaur, 18:30ean, Kulturaten. Ander Perez komisarioaren esanetara, lau artistak sortutako lana ikusteko aukera egongo da. Espazio berriak sortzea du helburu erakusketak.

Harriak arte garaikideko programaren barruan Guacamayo erakusketa zabalduko dute gaur, 18:30ean, Kulturaten. Erakusketan lau artistak parte hartu dute: Miel Oiarzabal –Durango,1994–, Ibai Madariaga –Mallabia, 1994– , Victor Ortuño –Yecla, 1995– eta Silvia Copola –Padova, 1991–. Urriaren 13ra arte egongo da ikusgai erakusketa.

Bost bat urte dira Harriak programak Arrasaten geldialdia egiten duena. "Eremuak ekimenaren barruan sartzen da Harriak; asmoa da arte garaikidea eta artista gazteak herrietara gerturatzea", azaldu du kulturako teknikari buru den Jon Garaik. Sorkuntza errealitatea hain ezaguna ez den espazioetara gerturatzea da asmoetako bat; eta, erronka modura ere planteatzen dute: "Erakusketa jarriko den medioan esku-hartze bat egitea eskatzen zaie artistei".

Lau artista

Arte garaikideko erakusketa bat da. "Erakusketa bat da, non espazioa eraldatzen duten objektuekin, instalazioekin... erabiltzen ari diren materialaren eta espazioaren arteko uztartze bat da erakusketa", azaldu du Ander Perez erakusketako komisarioak. Egurra eta paper zatiak erabili dituzte, besteak beste, erakusketan. "Ikusleek ikusiko dutena ez da eskultura bat, baina eskultura da; ez da margolana, baina margoak badaude... artistek planteatu dutena da nola eraldatu espazioa arte diziplina guztiak erabilita". Artistek eurek azaldu dute ikusleak izango duen jarrera eta izango duen jakingura ezinbestekoak izango direla erakusketa ulertzeko. "Esperientzia bat da, ez da hainbeste margolan bat ikustera etortzea: erakusketan zehar mugitu behar zara, tentu egon behar duzu... kuriositate ariketa bat da", gaineratu du Perezek.

Artistek bakarka egin dute lana, ez dute elkarren lanaren berri izan; hain zuzen, hori da bilatu dutena, bakoitzak zuen ideia edo inspirazioa garatu eta ondoren espazioan elkartzea. Lauek duten gauza komuna da espazioa lantzen dutela, eta baita interesa ere. "Zer gertatzen da espazioan, zerbait ateratzen denean espaziotik?", azaldu dute artistek eurek aurkezpen ekitaldian. Gertuko interesak izan dituztela diote, baina lan egiteko modua ezberdina dela; hau da, materialekin lan egiteko modu ezberdina izan dute eta erakusketa berean guztien lana elkarrekin ikustea polita iruditu zaie.

Kontzertua, hilaren 28an

Irailaren 28an, eguena, Paula Guerrero musikariak kontzertua egingo du Kulturateko klaustroan, 19:30ean. Almendralejoko musikariaren proiektuaren ezaugarrietako bat da protesta moduan erabiltzen duen ahotsa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak