Geikek batzar irekia deitu du 'Haurren aurrean helduok heldu' elkarlanean definitzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 11a, 09:18

2021ean egindako Haurren aurrean helduok heldu ariketako amaierako festa Biteri plazan.

Umeekin harreman zuzena duten helduen aktibazio ekimenaren bigarren edizioa antolatu du Topaguneak urriaren 19tik 29ra. Geikek bilera irekia deitu du eguaztenerako 18:00etan. Zaintza zerbitzua egongo dela jakinarazi dute.

Euskaltzaleen Topaguneak 2021ean aurkeztu zuen Haurren aurrean helduok heldu dinamika eta ekimenaren bigarren edizioa izango da aurten.

0-12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten helduen sentsibilizazio eta aktibazio dinamika da. Euskaraldian bezala, helduak dira hizkuntza-ohiturak astintzeko interpelatuak. Baina, Haurren aurrean helduok heldu dinamikan helduen arteko hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatzen zaie. Hala, heldu horien saretzea eta ahalduntzea sustatzea da helburuetako bat.

Bilera irekia eguaztenean

Arrasateko euskalgintzako eragileak batzen dituen Geike lankidetza mahaiak bilera irekia deitu du eguaztenerako, hilak 13. Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango da, 18:00etan. Zaintza zerbitzua egongo da. Interesatuek martitzen eguerdia baino lehen eskatu behar dute txatxilipurdi@txatxilipurdi.eus helbidera idatzita.

"Bilera ireki horren helburuak bi dira. Alde batetik, ariketaren berri ematea eta, bestetik, Arrasatera nola ekarriko dugun batera lantzea", azaldu du Geikeko ordezkari Itxaro Artolak. "Ariketaren funtsa zehatza da –data, nori zuzenduta dagoen, leloa...–, eta hezurdura berdina izango du herri guztietan, baina ekimena bera nola gauzatu edo girotu nahi dugun gurasoekin batera elkarlanean lantzea da asmoa".

Batzarra zuzenduta dago 0-12 urte bitarteko umeekin harreman estua duten helduei. "Arrasateko kasuan lehenetsi ditugu gertuko harreman afektiboak –gurasoak, familiak eta gertuko zaintzaileak–. Helburua da heldu horien artean euskararen erabilera bultzatzea, batetik, eta umeekiko erreferentzialtasuna hobetzea, bigarrenik. Umeek, zer ikusi hura ikasi, eta hizkuntzaren arloan helduok eredu izan behar dugu".

Lehen edizioan ikasitakoak

2021ean egin zen lehen aldiz Haurren aurrean helduok heldu ekimena. "Azaroan egin zen eta euria izan genuen hiru astez jarraian. Esperientzia gazi-gozoa izan zen alde horretatik", gogoratzen du Artolak. Balorazioa, dena den, positiboa izan zela azaltzen du. "Gurasoekin aldez aurretik egindako saioetan ikusi genuen gaiarekiko benetako kezka dagoela eta egoerari buelta emateko motibazioa eta prestutasuna badaudela. Hasiera-hasieratik ikusi genuen ekimena aurrera eramateko prestutasun handia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak