Instalazioak hobetu eta emisio elektrikoak murrizteko helburuarekin diharduela azaldu du Dikarrek

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko abu. 31a, 16:37

Garagartzako plantan egindako tentsio dorre eta instalazio elektriko berriarekin lotuta auzotarrek azaldutako kezkaren aurrean "guztion interesak bateratzen"  ari direla azaldu dute laster lekualdatzekoa den kooperatibatik. Iberdrolarekin irailerako agindutako batzarraren zain daude auzotarrak.

Dikar kooperatibak irailean zehar eraman nahi du bere jardueraren zati bat Garagartzara, eta egokitzapen lanak martxan dira Fagorrena zen fabrika zaharraren eremuan.

Uztail amaieran eman zuten auzo elkarteko ordezkariek bizilagunen artean areagotzen ari zen kezkaren berri eta Dikarreko arduradunek uztailean bertan eman zituzten gai honekin lotutako azalpenak.

Egunotan azaldu diote GOIENAri oraingoz ez dutela berritasunik gehitzeko. Berretsi dute oinarrizko bi premisarekin ari direla lanak egiten: "Araudia betetzea eta egungo instalazioak hobetzea elementu horiek eragiten duten isuri elektrikoa murriztuz".

Bere egunean azaldu moduan esan dute hasiera batean kanpoko transformadoreak kendu eta linea elektrikoa barru aldera lekualdatzea eta lurperatzea erabaki zela. "Proiektua garatu bitartean, Iberdrolako teknikariek egungo araudia betetzen zela ziurtatzeko beharrezko jarraibideak adierazi zituzten. Tekniko horiek erabaki dute partzelako eremu barruan dagoen kanpoko aldeko puntu batean zutoina eta koadro elektrikoa instalatu behar zirela, araudiak ezartzen baitu sarbide publikoa izan behar dutela instalazioen kanpotik".

Koadro horien kokapen berriak hasiera batean aurreikusitako inbertsioa nabarmen handitzea ekarri duela azaldu du Dikarreko gerente Esther Kortak. Dikarretik gaineratu dute proiektua jendaurrean egon zela ikusgai eta erreklamazio-aldia egon arren ez zela inolako alegaziorik aurkeztu.

Ikerketa independentea

Hori horrela izanda ere, azterketa independente bat ordaintzeko konpromisoa hartzen dutela azaldu dute Dikarretik. "Hobekuntzak suposatzen duena ziurtatzeko, eta zutoinak eta koadro elektrikoak araudi guztiak betetzean instalakuntza berriek ez dutela inplikatutako inorengan inolako eragin negatiborik" izango ziurtatzetako. "Dikarrek buru-belarri jarraitzen du Fagorren fabrika zaharra berpizten, instalazioak hobetzen eta Arrasaten eta Garagartza auzoan industria-ehuna sortzearen alde egiten, guztion interesak bateratzen eta haren garapenaren alde egiten. Eta, nola ez, saiakera eginez gure jarduerak gaude ingurune sozial eta ingurumenean eragin positiboa izan dezan ideiarekin".

Iberdrolarekin irailerako agindutako batzarraren zain daude auzotarrak. "Dikar kooperatibak konpromisoa hartu zuen Iberdrolarekin batzar bat antolatzeko. Esan digute instalazio hori puntu horretan kokatzeko arrazoi teknikoak emango dituela Iberdrolak", azaldu du Garagartzako auzo elkarteko kide Gari Madinabeitiak. 

Arrasateko Udalak ere badihardu auzi honetan. Bi aldeen arteko konponbide adostu bat bilatzeko bitartekari lanak egiten jarraitzen dutela azaldu dute udaletik.

Gorriz kendutako transformadore zaharraren kokapena, eta berdez egindako berriarena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak