Ekainaren 4an egin zuten lehen topaketa eta ordutik hiru saio egin dituzte. "Geroz eta jende gehiago batzen joan da horietara eta, beraz, erantzun ona izaten ari da herritarren aldetik. Inportantea iruditzen zaigu topaketa hauetan ahalik eta jende gehien batzea, lanketa osatua egin ahal izateko", azaldu du Garazi Azkaratek, Arrasateko Denon Bizitzak Erdigunera taldeko kideak.
Orain arteko saioetan, gehienbat, Arrasaten zaintza arloak bizi duen errealitatea aztertu eta erradiografia bat osatzen saiatu dira, zaintza sektoreko zerbitzu eta langileekin harremanetan jarriz. Hemendik aurrera, dauden aldarrikapenekin greba feminista orokorra lantzen hasiko dira, betiere, argi utziz zaintzaren ardura "gizarte osoarengan" dagoela. Lanketa horrekin, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dute, "pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaini eta jasotzeko eskubidea izan dezaten", haien esanetan. "Hala, eskubide horren alde lan egin eta zaintza sistema publiko-komunitario bat lortzera bidean abian dugun prozesua herritarrei eta eragileei zabaltzea ere izango da helburuetako bat", nabarmendu du Azkaratek. "Euskal Herriko Mugimendu Feministaren anbizioa da, eragile soziosindikalekin batera, herri akordio bat osatzea, horrekin euskal eta nafar gobernuak zein tokian tokiko erakundeak interpelatzeko". Halaber, greba eguna bera nolakoa izango den ere zehaztuko dute datozen saioetan.
Bihar, laugarren saioa
Irailaren 5ean egingo dute laugarren topaketa, 18:30ean Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, eta asmoa da bi astetik behin elkartzea, "beharren arabera", betiere. "Lan handia dugu aurretik. Beraz, hurrengo topaketara begira ateak zabalik uzten ditugu prozesu honetan parte hartu nahi duenarentzat. Hizkuntza ere ez dadila traba izan topaketetan parte hartzeko. Itzulpenak egiten ditugu eta, guztion artean, moldatzen gara".
Epe ertain-luzeko prozesu bat irudikatzen dute, herri akordioa ipar hartuta, eta azaldu dute prozesu hori ez dela amaituko azaroaren 30ko grebarekin, gerora ere aldarrikapenak gauzatu nahi baitituzte.