Errugbiko zelaia aldatzeko lanak ia bukatuta daude, nahiz eta detaile txiki batzuk falta diren oraindik: banderak jartzeko zuloak egin eta futboleko ateak eta errugbiko zutabeak jarri. Izan ere, berrikuntzetako bat da hamaikako futboleko marrak ere jarri dituztela eta, beraz, bi kirolak praktikatu ahal izango direla zelai berrian. Modu horretan, ateak eta zutabeak mugikorrak izango dira, Auzoak, Obra, Zerbitzu eta Mantenua Saileko zinegotzi Kepa Urteagak azaldu duenez.
Irailaren 11n jarriko dituzte, hain zuzen, ateak eta zutabeak, eta hilaren 15erako zelai berria erabat prest egongo da herriko taldeentzat, denboraldi berriari ekiteko. Edozelan ere, zelaia erabilgarri dago gaurtik aurrera, entrenatzeko, esaterako.
410.647,12 euroko aurrekontua izan dute lanek, nahiz eta "kostu gehigarri txiki" bat izan duten, hasiera batean ez zutelako aurreikusten zelaia futbolean jokatzeko egokitzea eta, era horretan, ateak eta zutabeak berriak izango direlako. Zortzi urteko bermea izango du zelai berriak eta aluminiozko takoak "guztiz debekatuta" egongo dira, "zelaiaren egoera eta jokalarien osasuna zaintzeko helburuarekin", Urteagaren esanetan.
Atletismoko pista, 2024ko udan
Atletismoko pistari dagokionez, 2024ko udan eraberrituko dute, Arrasate Atletiko Taldeak hala eskatu ostean, Urteagak azaldu duenez. "Edozelan ere, konponketa txiki batzuk egin beharko ditugu, pistaren egoera ez delako egokiena".
Bestelako hainbat lan
Bestalde, Maider Morras alkateak adierazi du orain arte egin ez diren mantenu lan batzuk egiten ere ari direla. "Mantenu lanak ez dira egin behar bezala azken urteetan eta kirol klubek eskatu digute instalazioak zaintzeko. Hala, abuztuan zehar horien egoera aztertu dugu eta hainbat lan egiten ari gara: harmailetako aulkiak garbitu, sareak jarri, aldagelak behar bezala garbitu eta abar". Bide batez, garbitasunaren kulturarekin pedagogia egin beharko dutela gaineratu du, "Mojategi oso zikin baitago eta instalazioak azkarrago zahartzen baitira horrela".
Horrez gain, Musakolako igerilekuko aldageletan ere hainbat lan egin dituzte, lurzorua aldatuz, paretak margotuz eta armairu berriak jarriz, besteak beste. Halaber, igerileku itxietarako pasabidea eta eskailerak ere berritu dituzte, zonalde guztia uniformea izan zedin. Lan horiek udan egitea "oso garrantzitsua" zela aitortu du Urteagak, "neguan igerilekurako pasabide bakarra baita aldagela". Hala, dagoeneko erabilgarri daude bi aldagelak.
Kirol Herria proiektuarekin ere lanean dihardu Udal Gobernuak, baina horrek "luze joko du", alkatearen esanetan, eta, bitartean, herriak "kirol instalazio duinak" izan behar dituela dio.