2023ko otsailean abiatu zuen Ertzaintzak ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura saileko adituek kalteak antzeman zituztenean. Hain justu, ondare historiko-artistikoaren eta artxiboen zerbitzuko arkeologoek izan zuten egitate horien berri, eta diputazioko arduradunek salaketa jarri zuten. Hartza izena izan du operazioak, eta Ertzaintzako Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren saila arduratu da ikerketaz.
2022tik Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatuta dago kobazuloa, Eusko Jaurlaritzak emana, eta bertan sartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako berariazko baimena behar da. Alabaina, Ertzaintzak jakinarazi duenez, ikertutako gizonezkoak ez zuen baimenik, eta, hala ere, kobazuloan sartuta egon zen hainbat orduz espeleologiako materialarekin.
Ertzaintzak, beraz, Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzako Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren arloko fiskal ordezkariari bidali zion ikerketa, ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatuta gizonezkoari, zegokion erabakia har zezan.
Erabakia, hartzeko
Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzaren eskuetan dago kasua, eta azken erabakia jakiteko dago; martxan da oraindik. Hala ere, Ertzaintzak jakinarazi du ondare historikoaren aurkako kalteak zigor kodearen 323. artikuluan daudela jasota, eta sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxe zigorra ezar dezakeela, edo hamabi hilabetetik 24 hilabetera arteko isuna.
Horrez gain, arkeologia-aztarnategi batean baimenik gabe sartzea Euskal Kultur Ondarearen legearen aurkako arau-hauste administratiboa izan daiteke. Kasurik arinenetan, 100.000 euro arteko isunak ezarri daitezke; larrietan, handiagoak, 250.000 euro artekoak; eta, oso larrietan, milioi bat eurora arte iritsi daiteke.