LABek jakinarazi du eraikuntza lanetan ari zela istripu ez traumatiko baten ondorioz hil zela langile bat hilaren 17an, eta 18an, berriz, makina batek harrapatu zuela langile bat, larriki zaurituz, ELAk ere salatu zuen moduan. LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek herriko plazan egingo dute mobilizazioa hilaren 26an.
LAB sindikatuak jakitera eman duenez bi lan istripu gertatu dira azken egunetan Arrasaten, eta biak salatzeko kale agerraldia egingo dute eguaztenean, hilak 26, herriko plazan, 11:30ean.
Sindikatu horrek dio eraikuntza lanetan ari zela istripu ez-traumatiko baten ondorioz hil zela hilaren 17an Construcciones Moyua enpresako behargina. Hurrengo egunean, berriz, JMA lantegian makina batek langile bat harrapatu eta larriki zauritu zuela. ELAk ere salatu zuen istripu hori. LABek hildakoaren gertukoei samina adierazi diela ere gaineratu du.