JMA enpresan "istripu larria" gertatu dela salatu du ELAk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko uzt. 20a, 12:06

JMA enpresako eraikina, Arrasateko Bidekurtzeta kalean.

Azaldu duenez, Arrasateko enpresako behargin batek martitzenean izan zuen istripua lanean ari zela, makina batek harrapatuta. Ertzaintzak ere gertakaria baieztatu du, eta Osalanek zehaztu du euren teknikari bat gerturatu zela hara, eta makina bat garbitzen ari zela gertatu zela ezbeharra, kaxa bat gainera erorita. JMAk, oraingoz, ez du ezer esan.

ELAk salatu duenez, Euskal Herriko lan merkatuko ezbeharren tasak "beldurra" ematen du. "Iaz, gutxienez, 71 behargin hil ziren Euskal Herrian lanean izandako istripuen ondorioz, eta 2023an, oraingoz, 28 izan dira hildako langileak". Are gehiago, erantsi du lan istripuen datuak ere "beldurgarriak" direla. "Iturri ofizialen arabera, 2022an egunean 207 pertsonak izan zuten lan istripu bat; zazpi minutuz behin batek". Halere, gaineratu du istripu guztiak ez direla erregistratzen.

Baliabideak murriztuta

Enpleguaren kalitateak "okerrera" egin duela uste du sindikatuak, eta laneko arriskuen prebentziorako baliabideak "murriztu" egin direla. "Betiko gatazkak, prebentzioak eta produkzioak, pertsonen osasunari eta bizitzari eragiten die. Patronalak eta dirua metatzeko duen interesak langileen osasunarekin eta ongizatearekin talka egiten du". Haren arabera, enpresek "onura ekonomikoak" lehenesten dituztela, eta horrek "eragin negatiboa" du beharginen osasun fisiko eta mentalean.

Are gehiago, laneko gaixotasunak ere gogoan izan ditu ELAk, azaldu baitu ez direla argitara ateratzen. "Eritasun hauek ezkutatzen saiatzen dira mutuen laguntzarekin, eta nola ez, administrazio publikoaren ezinbesteko konplizitatearekin, beste alde batera begiratzen baitu".

Segurtasuna erdigunera

Hala, sindikatuak aldarrikatu du "ezinbestekoa" dela langileen osasuna eta segurtasuna erdigunean jarriko dituen politikak garatzea, "enpresen prebentzio legedietan bete gabetzeak ekidin eta jazartuko dituzten kontrol neurriak ezarri daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak