Esti Loiti 'Titu': "Bidea egiteko dago; hasteko gertu gaude"

Xabier Urtzelai 2023ko uzt. 21a, 14:12

2017a ezkero Leintz Arizmendi egitasmoko parte izan eta gero, Mondrako zuzendaritzak bide propioari ekiteko erabakia hartu du, eta emakumezkoen taldeak sortzeko apustuak erantzun ona izan du, 80 jokalarik eman dute-eta izena. Kirol saileko koordinatzaile Esti Loiti Titu-rekin izan da GOIENA.

Mondra barruan emakumezkoen saila koordinatzeko ardura izango du hainbat etapatan klub zuri-morean bai jokalari eta baita entrenatzaile moduan ekarpen galanta egin duen Esti Loiti Titu-k (Arrasate, 1969). Ilusioz gainezka eta urduritasun puntuarekin dagoela aitortu dio GOIENAri. Eta berba bat behin eta berriro errepikatu du: konpromisoa.

Mondrak Arrasateko jokalariei egindako deialdiak erantzun ona izan du: lau talde izango dituzue.

Bai; oso pozik gaude, hasiera batean ez genekielako zein izango zen erantzuna. Egia da behin pausoa emanda berdin-berdin aurrera egingo genuela hogei jokalari izan edo 40 jokalari izan. Baina, zorionez, 80 jokalarik eman dute izena, eta oso pozik gaude, eta baita urduritasun edo bertigo apur batekin ere. Baina hemen gaude, hasteko gertu.

Proiektu berriak hasteak zailtasunak izaten ditu; zer moduz hasiera honetan?

Bai, ez da batere erraza sasoi hauetan emakumezkoak batzea; lau taldeen benetako argazkia irailean ikusiko dugu. Baina Mondrak emakumezkoen taldeak sortzeko erabakia hartzeaz batera hasi nintzen klubarekin berbetan, eta izen-emate epeak dezente baldintzatu gaitu, bai. Jokalariak oporretan daude, baina, hala ere, geure burua aurkeztu nahi genuen eta hilabete honetan hasi gara lanean.

Lau talde aterako dituzue; ez dira gutxi...

Lau talde aterako ditugu, izen-emateek horretarako aukera eman digutelako, garbi geneukalako ez genuela inor kanpoan utzi behar. Azken baten, helburu nagusia da jokalariei futbolean egiteko aukera ematea, eta, 80 jokalari izanda, aukera izan dugu horretarako. Baina kategoria guztietan maila baxuenean hasiko gara, eta bidea egiteko dugu. Erregional mailako taldea, esaterako, oso gaztea da. Bizpahiru urte beharko ditugu talde guztiek beste sendotasun bat erakutsi dezaten. Baina orain helburua da talde horiek klub barruan integratzea eta lanean hastea. Joango gara epe ertainera begirako helburuak finkatzen; oraingoz, kirol emaitzek ez dute lehentasunik izango.

Erregionaleko taldea aipatu duzu, baina zein garrantzi izango du harrobiak?

Garrantzi osoa; izan ere, harrobi barik ez duzu ezer.

Uztaila ez da izaten hilabete errazena lanerako...

Kaotiko samarra izaten dabil, bai; kar-kar. Egia da uztaila ez dela hilabete ona halako proiektu batekin hasteko, lehen esan dudan moduan jokalariak oporretan daudelako. Baina entrenamendu-saio batzuk egin ditugu eta jokalariak ilusio galantarekin ikusten ditut.

Ilusioa ezinbestekoa da, baina hori baino gehiago behar da halako proiektu batean.

Argi eta garbi, ilusioarekin batera konpromisoa behar da. Eta hori da proiektu honen bueltan dauden eragile guztiei eskatzen diedan gauza barra. Konpromisoa izan dezatela jokalariek, entrenatzaileek, zuzendaritzak eta baita gurasoek ere, euren beharra ere izango dugulako. Azken batean, gure atzean lagun askoren lana dago, musu-truk egiten duten lana, eta hori ere kontuan izan behar da.

Konpromiso horiek hartzeko inor prest badago, oraindik garaiz dago?

Bai, ateak zabal-zabalik daude. Bai jokalari, bai laguntzaile... Izan ere, halako lekuetan, lanerako gertu dagoena ongietorria izaten da. Eta bai, izenik eman ez duten neskek irailean ere izango dute lekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak