Txikitako ametsa, errealitate beteaz

Miren Arana Pagaldai 2023ko uzt. 14a, 08:35

Maite Carreras, Engineers galeriaren inaugurazio egunean.

2009an Mondragon Unibertsitatean hasi zituen Maite Carrerasek Ingeniaritza Elektroniko Industrialeko ikasketak; hamalau urte geroago, British National Science Museum-en inauguratu berri den Engineers galerian izateko aukeratu dute; museoak zientziaren alor guztia jasotzen du bere baitan; besteak beste, matematika, medikuntza eta telekomunikazioak

Hasieratik zenekien etorkizunean zertan jardun nahi zenuen?

Egia esan, zorte handia izan nuen umetan, eta txikia nintzela gurasoekin NASA bisitatzera joan nintzen. Orduan sartu zitzaidan ametsa buruan, eta, astronauta izateko gogoa neukan arren, lurreko bizitza ere asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Hala ere, argi neukan aeroespazialean lan egin nahi nuela, baina 2009an hasi nituen ikasketak, krisi bete-betean, eta, aitaren lagun baten gomendioz, ingeniaritza aeronautikoa baztertu eta elektroniko industriala hasi nuen.

Nola hasi zinen One Web-erako lanean?

MUk diploma bikoitza deituriko aukera ematen zuen, eta horri esker Tolosara (Okzitania) joateko aukera izan nuen; mundu mailan oso famatua da daukan industria aeroespazialagatik. 2015ean Airbus-en hasi nintzen lanean, behin energia eta potentzia elektronikoan masterra amaituta. Sartu eta urte berean, Airbusek kontratua lortu zuen One Web enpresa britainiarrarekin; lehenengo aldiz satelite bat diseinatu eta 900 fabrikatzeko proiektua sortu zen.

Airbusek hiru filial ditu, abioiena, helikopteroena eta sateliteena; nik, berez, abioien diseinuan egiten nuen lan, baina imajinazioa nahiko mugatua zen. One Webekin kontratua lortu zutenean bertan hasi nintzen lanean, baina elektrizitatean asko murgiltzen ari nintzela konturatu nintzen. Azkenean, 2021ean One Webetik deitu zidaten, eta Tolosatik Londresera joan nintzen, bertako egoitzan lan egiteko.

Gaur egun ere haiekin jarraitzen dut lanean, baina berriz ere Tolosatik; noizbehinka, Londresera joan behar izaten dut, hala ere.

Nola sortu zen ideia?

Sateliteak industrializatu nahi ziren, proiektua guztiz berria zen, egunerokotasunean erabiltzen ditugun teknologiak espaziora eraman nahi ziren. Gaur egun, One Webek 650 satelite baino gehiago ditu orbitan, eta, horri esker, edozein tokitan, desertu erdian, Udalatx puntan edo hegazkin batean Internet izateko aukera daukagu.

Proiektuarekin lortu dena bera zen One Weben helburua; hau da, une oro konektatuta egoteko aukera izatea. Ideia, berez, laguntzeko asmoarekin sortu zen; munduaren heren bat konektatu gabe bizi da, eta, nolabait, munduko eskola guztiek Interneterako eta aplikazio guztietarako sarbidea izatea nahi zuten. Gero, hobetzeko eta ideia indartzeko gauza gehiago batu ziren: erreskate-ontziei laguntzeko balioko lukeela, hegazkinetan konexioa izateko.

Horrenbeste lan egin ostean, British National Science Museum-eko Engineers galerian parte hartu duen aukeratuetako bat izan zara. Noiz jakin zenuen berria?

Duela urte bat eman zidaten berria, gutxi gorabehera. One Webetik bost izan ginen aukeratuak hasieran, baina, azkenean, ni bakarrik gelditu naiz. Zientzietako alor guztietako pertsonak nahi zituzten, nolabait, erakusteko ingeniariak ere pertsonak garela, eta ez makinak. Hasieran oso arraroa egin zitzaidan, baina shock-a pasatu ostean oso pozik hartu nuen berria; ez nuen espero.

"ENPRESATIK
AUKERATU BAKARRA
IZAN NAIZ,
EMAKUMEA ETA
ATZERRITARRA"

Zer da zuretzat galeriaren parte izatea?

Enpresatik aukeratu bakarra izan nintzen, emakumea eta atzerritarra; beraz, desberdina. Uste dut hori oso garrantzitsua izan dela estereotipoak hausteko. Ingeniaritza munduan nahiko bakarrik sentitu izan naiz; atzerritarra izanda, eremu, hizkuntza eta kultura berrietara egokitu behar izan dut, eta ingurura begiratuta gizon nagusiak baino ez dira ikusten. Ingeniaritzan ere berdintasuna behar da, eta geroz eta erreferente desberdin eta gehiago izan askatasun handiagoa izango dugu.

 

Ekainaren 23an izan zen galeriaren inaugurazioa. Nola gogoratzen duzu eguna?

Oso polita izan zen, emozioz betea. Egun berezia da berez ekainaren 23a; amaren urtebetetzea da, eta baita San Juanen hasiera herrian. Gurasoak Arrasatetik etorri ziren, ahizpa Stockholmetik eta mutil-laguna Tolosatik; guztiok elkartu ginen Londresen, eta, nahiz eta inaugurazio egunean museora pertsona bakarra gonbidatzeko aukera izan, egun batzuk lehenago familiarentzat bakarrik ireki zuten eta guztiok batera joan ginen; ama hunkituta eta ahizpa nitaz harro ikustea oso polita izan zen.

Gainera, jende berri eta oso interesgarria ezagutzeko aukera ere izan nuen; bertan zientzialari asko batu ginen, eta hizketan hasi eta ideia pila bat izan genituen guztiok batera.

"AZKEN 10 URTEAK
LANEAN ENFOKATUTA
EGON NAIZ, ETA BERE
FRUITUAK IZATEN ARI
DA ORAIN

Eta orain, ba al duzu etorkizunera begira proiektu berririk edo berberarekin jarraituko duzu?

Azken 10 urteetan lanean enfokatuta egon naizela ikusi dut, eta orain bere fruitua izaten ari da lana. Baina gertukoak ere alde batera utzi ditudala konturatu naiz; oso ondo dago egin dudana, baina elkarri laguntzen diogun inguru batean lan egitea gustatzen zait. Baditut etorkizunera begira zenbait ideia: proiektu propioa sortzea, mundua hobetzeko aplikazioak egitea... Baina ausardia eta denbora behar da horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak