Bosgarren Arrasate Blues jaialdia, musikari talentudunen topagune

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko uzt. 14a, 12:32

Noa & The Hell Drinkers taldearen emanaldia izan zen jaialdiko lehena, atzo.

Atzo abiatu zen Arrasateko Ibai-arte merkatari elkarteak, Udalaren laguntzarekin, antolatzen duen bosgarren arrasate blues jaialdia; domekara bitartean, euskal eta nazioarteko askotariko musikarien emanaldiak izango dira herriko hainbat txokotan.

Musika beltzaren zaleek eta musikariek oso estimuan duten jaialdia da Arrasatekoa; horren erakusle da musikari asko, euren kontzertua eskaintzeaz gainera, asteburu osorako maletarekin etorriko direla Arrasatera. Aurreko aldien bidetik osatu dute bosgarren jaialdiko kartela; ohi duten moduan, berrikuntzak gehituta. "Oso pozik gaude osatutako kartelarekin; jaialdian parte hartzeko musikarien eskaintza asko jasotzen ditugu, Euskal Herritik kanpo ere ezagutzen gaituzte eta. Aurtengo berrikuntzen artean, jam session-ak eta dantza saio gidatua daude; Aterpe taberna mu- sikarien jolastoki bilakatuko da, gaur, egubakoitza, Erromintxelak taldeak gidatuta, eta gurean sarritan izan den Paul San Martin kide den The Fake Cousins taldeak gidatuko du biharkoa. Dantza saio gidatuaren ardura, berriz, Lazy Blues taldeak izango du, eta guztiontzako dago proposamena zabalik, dantza aditua izan edo ez; beraz, parte hartu gura duenak bihar, zapatua, Portaloian 11:30ean agertu besterik ez du", azaldu du Ibai-arteko kide Jon Apraizek.

Euskal Herriko eta nazioarteko musika beltzaren erakuslehio anitza, zortzi agertokitan banatuta

Urrezko intsignia

Hamahiru musika proposamen izango dira, guztira, zortzi agertokitan banatuta. Noa Egiguren donostiarrak gidatzen duen Noa&The Hell Drinkers taldeak zabaldu zuen atzo, eguena, egitaraua, eta emanaldiaren aurretik omenaldia jaso zuten antolatzaileen eskutik. "Herriko musikagintzaren alde lan handia egin duten emakume irakasleei aitortza egin diegu aurreko aldietan, eta aurten aproposa iruditu zaigu Noa&The Hell Drinkers taldea goraipatzea, Europako Blues talderik onenaren saria eskuratu berri du-eta Poloniako European Blues Challenge lehiaketan. Arrasaterekiko erakutsi duten maitasuna itzuli gura genien, eta pozarren jaso zuten Ibai-arteko Oskar Vitoria bitxigileak egindako urrezko pin-a", dio Apraizek.

Trudy Lynn, aurtengo "izarra"

Texasko eskarmentu handiko musikari Trudy Lynn da aurtengo kartel-burua. "Grammy sarietarako bi izendapenek eta Blues Music Award-erako hamabi izendapenek bermatzen dute Lynnen ibilbidea. Bluesaren dama Travellin' Brothers bilbotarrekin batera arituko da zapatuan, 22:30etan, Herriko Plazan, eta, ohi bezala, alboan izango du haren eskuin eskua den Texasko blues-eszenako harmonika-jole baloratuenetako bat den Steve Krase. Egunotan Portugalen dago Lynn eta aukera hori aprobetxatu dugu Arrasatera ekarri ahal izateko. Gainontzeko emanaldiak gutxietsi barik, baina Herriko Plazan bihar 22:30ean izango den hori oso gogoangarria izango dela esango nuke".

Arrasate Blues jaialdiko kontzertuen kokaguneak. Argazkia: Arrasate Blues.

Musika beltza, zentzu zabalean

Blues, soul, booggie eta bestela- ko musika estiloen nahasketaren erakusle da aurtengo egitaraua. "Eskaintza zabala egitea da hasieratik dugun asmoa eta aurten ere hala izango da. Nazioarteko musikariak izango dira gurean, baina ahaztu barik Euskal Herrian ere sekulako musikari profesionalak ditugula. Entzule askoren eskemak apurtuko dituen Bilboko M&A Swing Machine taldea aipatuko nuke, horien artean; hirukote formatuan, swing elektronikoa egiten dute, oso aproposa zapatuko eguerdirako. Izugarrizko frontwoman-a du talde horrek eta ikaragarriz- ko indarra du baita ere gaur Arotz plazan Irati tabernaren ondoan izango den Afrika Bibangek ere. Emakume musikariei tokia egitea derrigorrezko baldintza da, hastapenetatik, Arrasate Bluesen, eta baita euskarari ere, eta Bibang da aurten horren erakusle. Sekulako banda du alboan, eta ikusgarria izango da kontzertu hori ere".

Arrasateko kaleetan jotzeko talde ezagunak gonbidatzeaz gainera, Arrasateko jaialdiak badu formazio berriak edo bereziak bultzatzeko abilezia ere. "Hainbat adibideren artean, Valladolideko blues jaialdia antolatzen duen Bluedays taldea aipatuko nuke. Musikari amerikarrak Europara biran etortzen direnean sarritan izaten dira euren banda-laguntzaile orain dela hogei urte sortutako taldekoak. Gaur egun laukote formatuan jarduten duten arren, seikote formatuan jaio ziren, eta hastapenetako formatua berreskuratuko dute, Arrasate Bluesen Arrasate Musikaleko Big Bandeko Zigor Martinez eta Ruben Salvador taldera batuta".

Zero kilometroko musikariak

Talde ezagunen edo handien plaza izateaz gainera, hasiberriei eta bertako musikariei tokia egitea ere bada Arrasate Blues jaialdiaren DNAn dagoen beste ezaugarri bat, Ibai-arteko kidearen esanetan: "Arrasateko eta Bergarako musikariak batzen dituen eta swing musika oinarri duen Erromintxelak taldeak

orain dela bi urte egin zuen lehen kontzertu ofiziala; hain justu, gure jaialdian. Talde askotan jotzen duten musikari profesionalak eta musika irakasleak dira guztiak, eta ez da kasualitatea, bada, gaur Aterpen izango den jam session-eko gidariak eurak izatea". Eta zera gaineratu du Erromintxelak taldeko perkusio-jole Jokin Vitoriak: "Boskotea bagara ere, taldeko hiru kide izango gara gaur: Jon Garcia gitarra-jole eta abeslaria, Aitor Moreno kontrabaxu-jolea eta perkusioarekin ni, eta Gasteizko gure lagun Asier Iturbe tronboi-jole handia izango dugu gurekin. Blues errepertorio berezia prestatu dugu, askotariko musikariekin partekatuko duguna". Erromintxelak taldearekin bai, baina Donostiako The Spolem Girls taldearekin ere agertokian izango dela dio Vitoriak: "Taldearen oinarria lau emakume musikari dira, eta horien bueltan bost musikari gaude; besteak beste, Aitor Moreno eta ni".

Arrasaten jaiotakoa da, era berean, domeka eguerdian Arbolapetako oholtzaren gainean izango den Monica Duran (Ikus gaurko Puntua aldizkarian egindako elkarrizketa–. Haurra zela familiarekin Extremadurara bizitzera joan zen, Gasteizera gero, eta gaur egun Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ari da autodidakta moduan hasi zuen ibilbidea borobiltzen. Kubers izan zen haren gaztaroko taldea, eta, egun, gospel abesbatzetan eta taldeetan ari da.

Arrasate Blues jaialdiko egitaraua

Uztailak 14, egubakoitza

  • 19:00 The Fake Cousins, Euskal Herria plazan (1990 tabernaren ondoan).
  • 20:30 Bluedays, Otalora kalean (Taupa tabernaren ondoan).
  • 22:30 Afrika Bibang, Arotz plazan (Irati tabernaren ondoan).
  • 24:00 Erromintxelak taldearekin Jam session-a, Aterpe tabernan.

Uztailak 15, zapatua

  • 11:30 Blues dance dantza saio gidatua (Taupa tabernaren ondoan)
  • 13:00 M & A Swing Machine, Arbolapetan (Ezkinaren ondoan).
  • 19:00 SlideBoy Vegas, Portaloian (Monte tabernaren ondoan).
  • 20:30 The Soul For Real Band, Herriko Plazan.
  • 22:30 Trudy Lynn Feat Steve Krase & Travellin’ Brothers, Herriko plazan.

Uztailak 16, domeka

  • 13:00 Monica Duran, Arbolapetan.
  • 19:00 The Spolem Girls, Jokin Zaitegi plazan (Buenuena tabernaren ondoan).

 

Erlazionatuak

Arrasate Blues jaialdiari buruzko irratsaio berezia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 uzt 13 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak