Eredu berrira egokitzeko lanak egiten ari dira Iturbiden

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 13a, 15:32

Iturbide egoitzak obrak, lehen solairuan. Aste Santuan hasi zituzten eta azarorako amaitzea aurreikusten dute.

Egoitza "ingurune terapeutiko, seguru, irisgarri, funtzional eta etxekoa" bilakatzeko lanak egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Printzipioz, lehen solairua berrituko dute, banakako hemezortzi gela eginez, binakako gelen ordez.

Gela bikoitz guztiak banakakoak izatera pasako dira eta gela bikoitz berri bat prestatuko dute. Hala, Iturbide egoitzako lehen solairuak banakako hemezortzi gela izango ditu, komun banarekin, logela bikoitz bat komunarekin, sukalde-jangela, bi egongela, bi komun gehiago, biltegi bat eta kontrol-postu bat; hala, solairu osoa "egoitza-modulu independente" bihurtuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldeko egoitza-sarean egiten ari den eraldaketaren parte da proiektua, eta, Aldundiaren esanetan, helburua da egoitza "ingurune terapeutiko, seguru, irisgarri, funtzional eta etxeko" bilakatzea, "erabiltzaileentzat, zentroko langileentzat, senide, lagun eta bisitentzat".

Olatz Etxabe Iturbideko zuzendariaren esanetan, egoiliarren bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du eraberritzeak. "Bakarkako gelak izango dira, guztiz egokitutakoak, eta espazio fisikoa hobetuko da". Halaber, funtsezkoa izango da pertsonengan oinarritutako arreta eta zaintza eredua aplikatzeko. "Urteak daramatzagu eredu horrekin lanean, gu egoiliarren beharretara egokituz, eta ez alderantziz. Horretarako, dena den, baliabideak behar dira, gaur-gaurkoz ez ditugunak. Beraz, eraberritzea beharrezkoa da", dio.

Era horretan, egoiliarrek euren espazio propioa irabaziko dute, egunerokorako ez ezik, senideak, lagunak eta abar bisitan joaten direnerako, esaterako.

Irizpideak zehaztu beharraz

Obra bukatzean, lehen solairuan hogei egoiliar egongo dira; bigarrenean, 25; hirugarrenean, 32; eta laugarrenean, hamazazpi. Zuzendariak azaldu duenez, egoiliar askok gurako dute banakako gela horietara joan; beraz, irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, Aldundiarekin batera. "Irizpide nagusietako bat izan daiteke narriadura kognitiborik ez dutenentzako izatea; izan ere, haiek aukera gehiago izango dute bakarkako gelez gozatzeko. Dementziaren bat dutenek jendea behar dute inguruan, beste behar batzuk dituzte; ez dauka zentzurik guztientzat irizpide bera erabiltzeak".

Eraberritze horrekin, ebaluazio bat egitea da asmoa, ereduak nola funtzionatzen duen ikusteko eta eraikin osora hedatu daitekeen aztertzeko.

Lanak, azarorako amaituta

Construcciones Urdinberri SL-Viuda de Sanz enpresa ari da lanak egiten eta proiektuak 889.855,91 euroko aurrekontua du. Aste Santu ostean hasi zituzten lanak, eta, ondo bidean, azaroan amaituko dituzte. Obrak bukatu bitartean hainbat egoiliar beste egoitza batzuetan daudela azaldu du Etxabek, eta haiek "deseatzen" daudela Iturbide egoitzara itzultzeko.

Aldundiaren 34 milioi euroko proiektua

Iturbidez gain, Gipuzkoako hemeretzi egoitzatan ari dira egokitze-lanak egiten, tartean, Oñatikoan, eredu berrira egokitzeko helburuarekin. "Pixkanaka egin beharreko lana da, baina Gipuzkoa eraldaketa bete-betean dago. Datozen urteetan aurreikusten dugu 30 egoitzatara iristea, eta 2022-2023an 34 milioi euroko inbertsioa egingo dugu helburu horretarako", diote Aldunditik.

Arreta pertsonalizatuagoa eskaintzea da helburua, berrikuntzan oinarrituta, komunitatearekiko harremanak estutuz eta parte-hartzea sustatuz. "Espazio fisikoaz gain, zaintzaren kalitatea, langileen prestakuntza, zentroetan ikuspegi berritzailea txertatzea, zainketen parte-hartzea eta lantaldeak eta zereginak antolatzearekin zerikusia duen guztia hartzen dugu aintzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak