Belaunaldi ezberdineko rock-zaleak bat eginda Mondra&Roll jaialdian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko uzt. 7a, 08:22

Mondra&Roll jaialdiko antolatzaile taldeko Igortz Iturbe eta Iker Arroniz, atzo, eguena, Monterron parkean.

Arrasateko Mauka Musikagintzak, HFMN Crew eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoak antolatu dute, Arrasateko Udalaren laguntzarekin, bigarren Mondra&Roll musika jaialdia; gaur, egubakoitza, eta bihar egingo dute Monterron parkean, 18:30ean hasita.

Heldu da rockaren askotariko erpinak maite dituzten zaleek esperotako bigarren Mondra&- Roll musika jaialdia. Gaur, egubakoitza, hasi eta bihar bitartean, hamazazpi musika proposamen izango dira Monterron parkeko agertokiaren gainean. Euskal Herrikoak, horien artean Arrasateko Special Crew eta Arkada Social taldeak, eta askotariko nazioarteko musika formazioak izango dira gaur eta bihar Arrasateko Monterron parkean.

Iaz moduan, bi sarrera mota daude eskuragarri: eguneko sarrerak (40 euro gehi lau euro tramite gastuak) eta bi egunetako bonoa (65 euro eta 6,60 euro tramite gastuak); Musikaze.net atarian daude eskuragarri. "Jaialdian sartzeko sarrera formatu fisikoan edo digitalean ekarri ahal izango da. Monterron parkeko sarreran dauden postuetan aldatu beharko dira sarrera horiek eskumuturrekoengatik: gaur, egubakoitza, 16:30etik 23:00etara eta zapatuan, ordutegi berarekin. Eskumuturrekoa uneoro soinean eraman beharko da eta ez dira onartuko aldatu edo manipulatu egin badira", azaldu dute antolatzaile taldeko Iker Arronizek.

Monterron, jaialdiaren erdigune

Iazko jaialdiak bi gune izan zituen: Monterron parkea izan zen gune nagusia eta parkearen sarreraren ondoan dagoen Kondekuan kokatu zituzten merchandising eta bestelako saltokiak. Oraingoan, parkearen barruan izango dira zerbitzu guztiak. Eta beste berrikuntza bat da jaialdiko gunetik gura denean irteteko eta sartzeko aukera izango dela. "Iaz, hasiera baten, jaialdiaren gunetik gura beste alditan ateratzeko eta sartzeko aukerarik ez zela izango iragarri genuen arren, geroago baimendu egin genuen eta aurten aukera hori malgutzea erabaki dugu. Halako jaialdi bat antolatzeak bere karga ekonomikoa du eta egiten den inbertsioari ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzeko asmoz zalantzak izaten dira, orokorrean, kontu horrekin, baina sartu-irtenak baimentzearen alde egin dugu aurten; izan ere, gure jaialdiari nortasun berezia ematen dion ezaugarri bat da Arrasateko erdigunean, alde zaharraren ondoan, dagoela kokatu- ta eta egokia iruditu zaigu, jaialdira datorren jendeak herriko txokoak eta tabernak eta bertako giroa ezagutzeko aukera izatea, harremanak sustatzeko eta beste kale-giro baten gozatzeko", azaldu du antolatzaile taldeko Igortz Iturbek.
 

Musikari beterano asko

Punk eta Oi! taldeak izan ziren, bereziki, iazko jaialdiko kartelean protagonista, eta aurtengoan ere bide antzerakotik jarraitu dute hard-core estiloko taldeak ere gonbidatuta. "Euskal Herrian, orokorrean, hard-core estiloaren zale asko gaude, eta aurtengo eskaintzan hori islatu gura izan dugu. Iazko eskaintza hobetzea zaila zen, baina pozik gaude aurten osatu dugun kartelarekin. Tamaina ertaineko jaialdia gara, aurrekontuari eta bestelako baliabideei begiratuta, eta Monterron toki itzela bada ere, baditu, azpiegitura aldetik, talde batzuk bertara ekartzeko mugak. Nazioarteko ibilbide luzeko talde batzuk izango dira gurean, esaterako, Bad Manners, Buzzcocks, UK Subs, Sick of it all edo Perkele, eta oso pozik gaude, hainbat urtetan euren atzetik ibili ondoren, azkenean lortu dugulako Ameriketako Estatu Batuetako Interrupters taldea Arrasatera ekartzea, euren birako azken kontzertua izango da, zapatuan, Mondra&Rollen egingo dutena".

Frontwoman indartsuak

Aimee Allenek gidatzen du Jesse, Justin eta Kevin Bivona anaiekin osatzen duen egun jarraitzaile asko dituen Interrupters talde amerikarra, baina Alllenez gainera, aurten, Monterroneko agertokian iaz baino emakume musikari gehiago izateko apustua egin dutela azaldu du Arronizek. "Ez da erraza, baina argi dugu ahalegin hori egitea dagokigula promotoreei eta bestelako antolatzaileei egoera aldatzea gura badugu, eta oso pozik gaude, esaterako, emakume indartsu bat buru duen Svetlanas talde errusiarra, baina Italian egoitza duena, zapatuan Monterronen izango delako, eta, egun horretako egitaraua, Erresuma Batuko Maid Of Ice laukoteak zabalduko duelako, hau da, lau ahizpak osatzen duten talde oso indartsua da, duda barik, hori ere".

Gazteei ere tokia

Euskal Herriko taldeei eta musikari gazteei "handien artean" lekua egitea ere, bada, Arronizen esanetan, Mondra&Rollen helburua: "Ezinbestekoa da hori, eta gainera, Euskal Herrian harrobi oso interesgarria dugu. Iazko maketa lehiaketa irabazi zuen Agur taldeak zabalduko du gaurko egitaraua eta Rotten XIII nafarrak ere gaur izango dira. Era berean, Arrasateko taldeak ere gonbidatu ditugu, besteak beste, Beitia anaiak kide diren Arkada Social gonbidatuta eta garai baten zuten Special Crew taldea berpiztuta".

Kanpatzeko, Arruena parkea

Arrasateko hotelak eta inguruko herrietakoak beteta izango dira datozen egunotan, hori horrela, "hutsune hori betetzen laguntzeko asmoz" antolatzaileek ahalegin berezia egin dute Eroski merkatalgunearen alboan dagoen Arruena parkean kanpatzeko gunea eskainita. "Zoritxarrez, eskualdean ez dugu lo egiteko nahikoa aterperik eta iaz arazo bat izan genuen azpiegiturari dagokionez. Aurten konpontzen saiatu gara, eta Udalarekin harreman ona dugun arren, Udaletako hauteskundeak tarteko, oso berandu heldu zaigu kanpalekua egokitzeko baimena eta ezin izan dugu guk gurako genukeen besteko zerbitzuak han eskaini. Hala ere, 150 furgoneta edo autokarabana ingururako kanpatzeko tokia izango da dohainik. Eskainiko dugun zerbitzu bakarra, han gertu dagoen kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera izango da; zapatuan eta domekan, 10:00eta- tik 14:00etara. Gure nahia da, espero dugun moduan, jaialdiak jarraituz gero, datozen jaialdietarako askotariko zerbitzuak izango dituen kanpaleku potente bat eskaini ahal izatea".

Zerbitzu informazioa

Segurtasuna bermatzeko, honako arau horiek jakinarazi dituzte antolatzaileek jaso dituzten ohiko galderei erantzunez: "Arropategiari dagokionez, ez dugu kontsigna zerbitzurik izango. Galdutako objektuak tiketetara eramango ditugu. Edariei dagokionez, ez da kanpoko edaririk sartzen utziko eta edalontzi berrerabilgarriak, bi eurotan izango dira Monterron parkeko taberna guztietan salgai. Jaialdiaren gunean sartzea debekatua izango da honako objektu hauekin: kristalezkoak, metalezkoak, jaurti daitezkeenak eta sukoiak edo sendoak diren objektuak; hori horrela, sarrera guztien segurtasuna bermatzeko kontrolak izango dira, beraz, ahalik eta lankidetza handiena eskertzen diegu guztiei. Era berean, erabat debekatuak daude bengalak edo edozein motatako piroteknia tresnak; halakorik dituztenak jaialdiaren gunetik kanporatuak izango dira. Esan barik doa, bizilagunak eta ingurunea errespetatu egin behar direla, bada, errespetuzko portaera izateko eskatu nahi diegu jaialdira etorriko diren guztiei".

Jaialdiko  egitaraua

Uztailak 7

  • 18:00 Ate irekiera.
  • 18:30 Agur.
  • 19:15 Special Crew.
  • 20:15 Rotten XIII.
  • 21:20 UK Subs.
  • 22:30 Perkele.
  • 23:50 Sick of it all.
  • 01:10 Bad Manners.

Uztailak 8

  • 18:00 Ate irekiera.
  • 18:30 Maid of Ace.
  • 19:15 Svetlanas.
  • 20:00 Hell Beer Boys.
  • 21:05 Subterranean Kids.
  • 22:10 Buzzcocks.
  • 23:20 Arkada Social.
  • 00:45 The Interrupters.
Erlazionatuak

Mondra&Roll jaialdiari buruzko irratsaio berezia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 eka 30 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak