Ane Herrero: "Horrelako sari batek egin dezake emakumezko erreferente gehiago izatea"

Julen Murua 2023ko eka. 30a, 11:30

Ane Herrero, Gipuzkoako emakumezko entrenatzaile onenaren sariarekin.

Ekainaren 16an egin zuten Gipuzkoako Eskubaloi Federazioaren sari banaketa; Ane Herrero arrasatearrak emakumezko entrenatzaile onenaren saria eskuratu zuen

Emakumezko entrenatzaile onenaren saria lortu zuen hilaren 16an Ane Herrerok (Arrasate, 1991), Mugarri Ingou eskubaloi taldeko entrenatzaileak. Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak aurrenekoz eman du aurten Ana Mari Kreye izena duen saria.

Zorionak lortutako sariagatik! Espero zenuen?

Egia esan, ez nuen espero. Guk orain dela gutxi jakin dugu sari hori emango zutela. Hautagaien izenak jakinda, uste nuen Ordiziako entrenatzaileari emango ziotela saria, hura izan delako ligako txapelduna eta lan oso ona egin duelako.

Sari hori ematen duten lehenengo aldia da. Datozen belaunaldiendako aurrerapausoa dela iruditzen al zaizu?

Nik uste dut garrantzitsua dela. Azken finean, mundu honetan ari garenok emakumezko erreferente oso gutxi izan ditugu; beti izan ditugu gizonezko erreferenteak, eta, ondorioz, askotan, zaila egiten zen norberaren burua egoera honetan ikustea: mutilak entrenatzen edo nagusiak entrenatzen. Aurrera begira, horrelako sari bat emateak egin dezake gure lanari balioa ematen jarraitzea eta gazteenek emakumezko erreferenteak izatea, eta horretan lanean jarraitu behar dugu.

Zuen txapelketan hiru emakumezko entrenatzaile izan dira; joera aldaketa bat da?

Baietz uste dut. Gero eta emakume gehiagok ateratzen dugu entrenatzaile-titulua, eta ikus dezakegu horrek gurekiko konfiantza maila handitzen duela. Entrenatzaile lanetan ari garen emakumeok urte askoan jokatu dugu eskubaloian, eta beti egon gara klubei laguntzeko prest. Egia da joera aldaketa hori txapelketei garrantzia ematen zaien mailetan ikusten hasi dela, eta, horrelako gauzak egiten jarraituz gero eta ikusaraziz gero, joera aldaketa hori egonkortu egingo da.

Horrelako sari bat jasotzeak lanean jarraitzeko indarra ematen du?

Bai; badakigu gure lana oso garrantzitsua dela, eta kanpotik horri balioa ematea, ikusaraztea eta saritzea garrantzitsua da. Entrenatzaile bai, baina hezitzaile lanak ere egiten ditugu. Azken finean, gizarte batean bizi gara, eta, ahal dugun moduan, gizartean gure aletxoa ematen saiatu behar dugu. Pertsona gutxi gara, baina indar nahikoa egiten dugu. Guk ez dugu emakumezko erreferenterik eduki, eta gaur egungo gazteek horrelako emakumezko erreferente gero eta gehiago izateak mundu honetan sartzeko beldurrak kendu ditzake.

"Gure lanari balioa ematea eta hura ikusaraztea eta saritzea oso garrantzitsua da"

Senior mailako taldea entrenatzen hasteak bertigorik ematen zizun?

Niri ez. 21 urterekin ere senior taldeko entrenatzaile izan nintzen, eta, eskubaloiari dagokionez, beti egon naiz txapelketa munduan murgilduta. Kluba oso ondo ezagutzen dut eta jokalariak ere ezagutzen ditut. Badakit nire formakuntza-maila nolakoa den eta zer-nolako esperientzia daukadan, eta, alde horretatik, ez naiz bertigoa sentitzen duen horietakoa. Ondo irteten bada, ederto; gaizki irteten bada, ikasketa gisa balio dezala. Egia da errespetu-puntu hori beti daukazula; lana da eta garrantzia dauka, baina ez mutilekin egoteagatik edo emakumezko gutxi gaudelako, baizik eta helburuak ez lortzeagatik.

Entrenatzaile izatetik zeri ematen diozu garrantzi handien?

Lehenik eta behin, disfrutatzeari, oso zaila baita horretatik bizitzea. Klubetik helburu bezala daukagu eskubaloiaz gozatzea, edonork izatea eskubaloian jokatzeko aukera eta familia txiki bat sortzea, non bakoitza den bezalakoa izan daitekeen eta kirolaz goza dezakeen. Egia da garrantzia duela hobekuntza izateak astetik astera, hilabetetik hilabetera eta urtetik urtera; nahi duguna da gero eta jokalari hobeak izatea eta gero eta gehiago ulertzea kirol horrek dakarrena zer den.

Nola deskribatzen du bere burua, entrenatzaile bezala, Ane Herrerok?

Zorrotza. Neure buruari ehuneko ehuna eskatzen diot, eta, beraz, nire jokalariei ere bai. Egia da emaitzei ez diedala berebiziko garrantzirik ematen; badakit prozesu bat dela eta, batzuetan, denbora jakin bat eskatzen duela. Prozesu horretan zehar oso zorrotza naiz, hori bai; baina saiakerari berari ere balio handia ematen diot. Entrenatzaile izateaz gain, gizarte hezitzaile ere banaiz, eta beti daukat ikuspuntu hori gogoan.

Eskubaloian jokatzea edo entrenatzaile izatea, zer duzu nahiago?

Uste dut jokalari bezala bere garaian gozatu nuela gozatu beharrekoa. Duela hiruzpalau urte galdetuz gero, agian, jokalari bezala erantzungo nizukeen, baina uste dut nahikoa disfrutatu dudala. Orain ikasi dut disfrutatzen entrenatzaile bezala, beste rol batean jarduten. Urte askoan izan naiz entrenatzaile, eta biak gustatu zaizkit; bakoitzak bere momentua izan du eta nik uste dut orain entrenatzaile izatearekin gelditzen naizela.

Datozen urteetara begira zeintzuk dira zure helburuak?

Senior taldea entrenatzen jarraituko dut, ziurrenez. Talde gaztea da, eta talde hori egonkortzea eta aurrerakuntzak ikustea da nire helburua. Talde indartsu bihurtu daiteke, betiere, lan egiten badugu eta bakoitzak ehuneko ehuna ematen baldin badu. Poliki-poliki igoerara gerturatzea gustatuko litzaidake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak