Urtero bezala, Arrasate Musikaleko Big Band taldeak emango dio irekiera Udazabalen programari gaur 19:30ean Monterron parkean eskainiko duten ikuskizunarekin. Arrasate Musikalek bete berri dituen 50 urteak ospatzen jarraitzeko, haiekin batera gonbidatu dituzte oholtza gainera beste zenbait kultur eragile, hala nola, Arrasateko Trikitixa Eskola, Arrasate Musikaleko Txistulariak, albokariak, Ttakun txalaparta Elkartea eta Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz dantza taldeak.
Zigor Martinez Arrasate Musikaleko Big Bandeko zuzendariaren hitzetan, urterokoa izan arren "berezia" da ekitaldia, kurtsoko azkena baita: "Irailean hasten garenetik, kurtso bukaerako ekitaldia erronka bezala hartzen dugu, eta maila handiagoko zenbait piezarekin aritzen gara lanean".
Taldean 28 pertsona izan arren, gaur 24 arituko dira oholtza gainean, eta, esan bezala, gonbidatuak ere izango dituzte, "berritasun" moduan. Izan ere, herriko beste kultur eragile batzuekin arituko dira, zuzendariak "aspalditik buruan" zuen euskal folkloreko kutsu pieza ekartzea lortu baitute.
Irekierarako prestaketa lanak
Udazabal programaren irekiera ekitaldira begira, egun hauetan prestaketa lanetan aritu dira Arrasate Musikaleko Big Band eta haiekin oholtza gainean arituko diren beste kultur eragileak; entseguak egin dituzte Monterron jauregian eta baita parkean ere.