Morbor: "LGTBIQ ahoskatze hutsarekin, oraindik trufak, irriak edota irainak jasan behar ditugu"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 28a, 20:12

'Egunero jaioko gara, behin eta berriro' lemapean egin dute elkarretaratzea.

LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur eta, Morbor Arrasatek deituta, elkarretaratzea egin dute Arrasateko plazan. "Ez gara sigla hutsa, ez gara alfabetoko letra hautatuen hurrenkera bat. Gaur eta hemen jendearen iseka eta barreak entzun behar ditugun kolektiboko kideak gara", salatu dute.

Hainbat herritarrek egin dute bat Morbor Arrasateren deialdiarekin eta LGBTIQ+ kolektiboaren aldeko aldarriak plazaratu dituzte. Besteak beste, zera salatu dute: "LGTBIQ ahoskatze hutsarekin, oraindik trufak, irriak edota irainak jasan behar ditugu. Nor garen eta nola bizi garen ezagutzen ez duten gure erakundeetako arduradun politikoen ezezagutza eta interes falta agerikoa sufritu behar dugu, zenbait sektore faxistenetatik jasaten ari garen bazterkeria eta eraso zuzenekin batera".

Modu berean, eraso transfobo eta homofoboak "eguneroko ogia" dira jendartean, haien esanetan, eta hainbat datu eman dituzte hori frogatzeko. "Kolektiboaren %29k azken urteetan jazarpena jasan izana salatzen du, %27k diskriminazioa eta ia %9k inoiz eraso fisikoren bat sufritu du. Baina egoera horiek soilik %20k salatzen dituela kontuan hartuta, errealitatea oraindik eta gordinagoa eta gogorragoa da gaur eta hemen. Lan munduan ere kolektiboaren %90ek adierazi du lana bilatzerako orduan sexu edo genero identitate eta orientazioa arazoa izan dela edota langabezia tasa %22raino iristen da trans kolektiboaren kasuan".

LGTBIQ+ bandera, gaurko elkarretaratzean.

"Asko daukagu egiteko"

Azpimarratu dute ez direla egutegiko egun seinalatu bat, ezta aste beteko kausa bat, festa bat edota desfile huts bat ere. "Kapitalismoaren marka esanguratsuenek, enpresa eta erakunde ugarik salgai bihurtu nahi gaituzte, etekin ekonomiko zein politikorako janari. Baina badakigu kapitalista, heteroa, patriarkala eta zis-a den sistema honek behin eta berriro erabiliko dituela bere trikimailuak ardi larruz estalita, arauetan sartzen ez garen sexu, gorputz, identitate zein desira disidentziak asimilatzeko eta horrekin batera, ustez dena lortu dugula, bat gehiago garela eta aldarrikatzen duten normalitatea lortu dugula aldarrikatzeko".

Azken hamarkadetako borroka ugariren ondorioz, gizarteak asko aurreratu duela adierazi dute, baina argi utziz oraindik egiteke, borrokatzeke eta lortzeke asko dagoela. "Gaur eta hemen, (ia) dena lortzeke daukagula ozen oihukatu nahi dugu. Dena lortuta dagoen uste faltsua deseraiki, gizarte anitza, parekidea, errespetuzkoan bizi garela sinestea errealitateari bizkarra ematea delako, berriro ere beste aldera begiratzea".

Eguneroko borroka

Bukatzeko, nabarmendu dute egunero egin behar izaten dietela aurre gizarteari, eguneroko borrokan bizi direla: "Ez gara urteko egun jakin bat, egunero gara, egunero bizi gara, existitzeko ahaleginean, ahotsa altxatzeko, armairutik behin eta berriro ateratzeko, azalpenak emateko, begiradak jasateko, mehatxuei aurre egiteko, erasoetatik defendatzeko, beldurra gainditzeko, adierazteko, gure sexualitatea eta gure gorputzak libreki bizitzeko, ikusiak izateko hezteko, jolasteko, maitatzeko... bizitzeko jaio ginen eta bizitzeko jaioko gara, behin eta berriro", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak