Jaiak eta parranda bai, baina eskubideak ere bai eta borrokatu barik jai! Horixe esan eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatu dute gaurko manifestazioa. Konpromisoa helarazi diote euskal gizarteari: "Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lan egitekoa. Helburu horiek lortzeko, kontsentsuetan sakontzeko konpromisoa ere hartzen dugu, arlo politikoan, sindikalean nahiz sozialean".
Auzitan jarri dute Espainiako Audientzia Nazionalaren jarrera, mendeku politika egiten jarraitzen duela argudiatuz: "Legeak teorikoki dio espetxeak
presoak birgizartaratzeko tresnak direla, baina errealitate gordina da espetxeak esan arren presoa kaleratzeko prest dagoela, Audientzia Nazionalak erabakitzen duela ezetz, presoa espetxean mantenduz. Zergatik? Zer daki Audientzia Nazionalak preso horiei buruz?".
Unai Parot euskal presoaren egoerari ere egin diote keinu: "30 urte gutxi izango balira bezala, beste 11 urte gehiago ezarri zizkioten. Unaik dagoeneko 33 urte daramatza espetxean. Noiz arte iraun behar du mendeku honek?".
Era berean, milaka kilometrora dauden iheslari, errefuxiatu eta deportatuak izan dituzte gogoan. Guztien etxeratzea aplikatzeak "elkarbizitzari izugarrizko aurrerapausoa" ekarriko liokeela gaineratu dute.