Eva Romero: "Danborradan hasi nintzenean, udaletxeko ganbaran entseatzen genuen"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 23a, 07:54

Eva Romero, Herriko Plazan, eguaztenean.

6 urterekin hartu zuen parte lehenengoz danborradan Eva Romerok (Arrasate, 1977). Aurten 40 urte dira ordutik eta izan diren danborrada guztietan hartu du parte orain arte. Egun, helduen danborradako zuzendari nagusia da.

Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?

Oso presente dut hasiera hura, eta garai goxoak eta politak izan zirelako izango da hori. Entseguak udaletxeko ganbaran egiten genituen, eta gero, San Frantziskon, klaustroetan.

Hasi zinenetik danborrada guztietan egon zara, ezta?

Bai, eta denetik egitea egokitu zait. Barril-jotzaile, kantinera, eskoziar eta abar. Gainera, bazegoen Konpainia Berria zeritzona, eta hango zuzendari ere izan nintzen, 14 urterekin. Gero, nagusien danborradara pasatu nintzen, barril-jotzaileen zuzendari, eta, ordutik, urte guztietan zuzendari izan naiz, bi urtetan izan ezik. Haietan, zaldian irten nintzen.

2017an izan zinen zuzendari nagusi lehenengoz, eta lehen emakumea izan zinen.

Nestor Maidaganek utzi egin zuen eta niri esan zidaten ordezkatzeko. Sorpresaz hartu nuen hasieran, baina oso modu naturalean egin genuen aldaketa, emakume izate horri askorik erreparatu gabe.

Emakumeen presentzia nolakoa da danborradan? 

Beti egon izan dira emakumeak danborradan. Ni hasi nintzenean, gazteagoak izaten ginen emakumezkoak, baina gaur egun adin tartea asko zabaldu da eta parekoa da gizonen zein emakumeen presentzia. Ateak zabalik egon izan dira beti emakumeondako eta pozik gaude, alde horretatik. 

Zer da sanjuanetako danborrada zuretzat?

Modu naturalean hartzen dudan hitzordua da; gustura aritzen naiz saltsan, eta oso ondo pasatzen dut urtero.

Zenbat izango zarete aurtengo danborradan?

280 parte-hartzaile eta bandako musikariak; beraz, ia 300 lagun. Konpainiei dagokienez, hamaika egongo dira danborrak astintzen.

Horietako bi, berriak: Elma eta Mondrauko Gaztiak.

Bai, eta oso pozik hartu ditugu. Danborradak beti izan ditu ateak irekita eta SUDC elkarteak beti animatu izan ditu herritarrak parte hartzera. Bi konpainia berri izateak esan gura du danborrada osasuntsu dagoela eta ari dela jende berria ere batzen.

Badirudi aurten eguraldia lagun izango duela danborradak.

Bai; iaz zerura begira ibili ginen eta zaparrada batzuk ere izan genituen. Aurten, badirudi lasaiago egongo garela, danborradaz behar moduan gozatzeko moduan.

Beste 40 urtean parte hartuko duzula uste duzu?

Gorputzak aguantatzen duenera arte, behintzat, bai. Beste 40 urte badira, primeran, eta beste bi badira ere, gustu handiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak