Ordubete eta laurden inguruko jaialdirako bost musika formazio ziren taularen gainean egotekoak. Plazatan ibilbidea luzea duten Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña ziren taularen gainera igotzen lehenengoak. Arrasateko eta Bergarako musikari profesionalak batzen dituen Erromintxelak taldeak hartu behar zuen lekukoa gero, eta soinu-frogatan ikur dituzten askotariko perkusio tresnak gogoz astindu duen Calahorrako Ojaluna taldea ondoren.
Arrasate Trikitixa Eskolako musikariak ere taularen gainean
Neomak taldeko eta Arrasate Trikitixa Eskolako kide Irati Gutierrez lagun, Sine Die formazioa osatzen duten Xabier Zabala akordeoi-joleak eta Igor Torre biolin-joleak lau pieza ziren eskaintzekoak segidan. "Iazko Hauspo Egunean izan ginen eta pozarren hartu dugu gonbidapena oraingoan ere eta penaz gaude bertan behera geratu delako. Egun hartan estreinatu genuen eta publikoak Portaloia blai izena jarri zion piezarekin ginen hastekoak".
Amaiera polita eta "oso etxekoa" eman nahi zioten jaialdiari pandero eta trikiti lehiaketa askotan puntako maila ematen ari den Arrasate Trikitixa Eskolako Mirari Plazaolak lehiakide dituen Irati Arcelurekin, Araitz Etxanizekin eta Elaia Diazekin estreinakoz, laukote formatuan kontzertua eskainita, trikitia eta askotariko panderoak eskuetan. Azken pieza jotzeko, Arrasate Trikitixa Eskolako pandero ikasleak izan behar zituzten lagun taularen gainean.