Sanjuanak indarkeria matxistarik bakoak izateko, hainbat baliabide

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 16a, 12:06

Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak eta Emakume Txokoak indarkeria matxistarik gabeko aldarria egin dute eta, era berean, hainbat euskarri eta baliabide jarriko dituzte aurten ere; hala nola, Indarkeria sexistarik gabeko gunea edota arreta telefonoa: 688 80 91 37.

Indarkeria sexistarik gabeko gunea Arbolapetan jarriko dute eta indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira han, joan nahi duten emakume eta neskak artatzen. "Halaber, LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak ere jasoko dituzte", azaldu dute Udaletik. "Horrez gain, eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea ere izan du". Ekainaren 23tik ekainaren 25era egongo da erabilgarri, Arbolapetan, 20:00etatik 00:00etara.

Hainbat helburu ditu

Gunearen helburuak honako hauek dira, besteak beste: emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea, babes eta elkartasun gunea irudikatu eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea, erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartaraztea, eta, emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetu arazi eta horretarako bitarteko eta lan tresnak eskaintzea.

Arreta telefonoa

Jaietarako propio sortu duten arreta telefono zerbitzua egongo da, ekainaren 23tik 25era, 20:00etatik 08:00etara. Hala, jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa eta aholkularitza eskainiko dute zerbitzu horretako langileek. Era berean, beharrezkoa balitz eta erabiltzaileak hala eskatu gero, aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko dute. Telefono zenbakia 688 809 137 izango da eta hainbat lekutan egongo da ikusgarri.

Azkenik, Emakume Txokotik eskaintzen dituzten baliabide eta euskarriak, bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango dira, hala nola, Udaltzaingoa edota Gizarte Zerbitzuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak