Urtero bezala, San Juan jaien aurreko domekan Haurren Eguna ospatuko da Arrasaten; Udalaxpe txistulari taldearen eta Arrasateko gaiteroen laguntzarekin, guztira, hamaika dantza talde arituko dira kaleak eta plazak euskal dantzaz girotzen.
10:30ean elkartuko dira, Herriko Plazan, eta ordu erdi geroago hasiko dituzte ikuskizunak. Lau taldetan banatuta, Arrasateko lau txokotan dantzatuko dute –Herriko Plaza, Jose Maria Arizmendiarrieta plaza, Biteri eta Seber Altube–, alde guztiak txoko guztietatik pasatuko dira eta bakoitzean 30 minutuko saioak egingo dituzte.
Tradizioak berreskuratzen
13:00etan abiatu beharko dute denek plazarantz, eta orduan amaituko dira goizeko ekitaldiak. "Joan den urtean ez bezala, aurten, pandemiarekin galdu zen tradizioa berreskuratuko da, eta beste herrietako haur dantzariek herriko dantza taldeen haurrekin bazkalduko dute, euren familia eta lagun artean; ume banaketa eginik dugu jada, baina ziur azken orduko aldaketak egingo direla", azaldu dute Lore Gazteak dantza taldeko ordezkariek.
Arratsaldeko Alardean egingo dira dantza berezi gehienak; Iruñeko bi dantza taldeek 13:10ean dantzatuko dituzte eurenak, guztiak Herriko Plazan batu ostean. Alardea 17:00etan hasiko da; larrain dantza herrikoiarekin amaituko da.
Gizarte aldaketa
Txikitxu-Arrostaitzeko Saioa Lopez egunaren aurrean umeek duten emozioaz mintzatu da: "Dantza egiteko eta kurtsoan ikasitakoa erakusteko irrikan daude guztiak, horrek badu-eta bere xarma".
"DANTZA EGITEKO
ETA KURTSOAN
IKASITAKOA
ERAKUSTEKO
IRRIKAN DAUDE"
Bi dantza taldeen lanari eta elkarlanari esker ospatzen da urtero Haurren Eguna. "Kulturak herrian garrantzia izaten jarraitzen duela erakusteko" modua dela azaldu du Lopezek, eta kultura bermatzeko "haurren presentzia" beharrezkoa dela gaineratu dute Lore Gazteakekoek.
Horri lotuta, bi taldeetan dagoen mutil faltak bultzatuta nesken eta mutilen dantzen arteko arrakalaz ere aritu dira: Lore Gazteakekoek esan dute "gizartea aldatzen" ari dela eta "euskal dantzak bizirauteko aldaketak beharrezkoak" direla. Orain dantza guztiak umetatik ikasten direla ere azaldu dute, "generoan erreparatugabe". "Neska gehiago daude taldean mutilak baino, eta horrek mutilen dantzak ikastera bultzatu gaitue, baina hala ez balitz ere iritsiko litzateke aldaketa beste modu batean", gehitu du Txikitxu-Arrostaitzekoak.
Hamaika dantza talde
egongo dira
Dantza talde hauek parte hartuko dute Arrasateko Haurren Egunean: Aretxabaletatik, Leizarra dantza taldea; Iruñetik bi talde etorriko dira, Oberena eta Ortzadar; Aguraingo Dardara dantza taldea ere izango da; Markiñatik, Zerutxu taldea; Oñatitik, Oñatz; Urrats taldea Soraluzetik; Oinarin dantza taldea Antzuolatik; eta anfitrioiak izango diren Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak, azkenik.
5 eta 17 urte arteko 370 umek –162 bertakoak izango dira– hartuko dute parte eguneko ikuskizunetan, eta 120 arduradun egongo dira eguneko antolaketak behar bezala irten daitezen.