Iago Azkue (Azpeitia, 2003), Iago Magoa izenez da ezaguna, eta Arrasateko herritarrak txundituta uzteko asmoarekin iritsiko da San Juan jaietara. Magia eta
barreak uztartzen dituen ikuskizunarekin gozatzeko aukera egongo da hilaren 24an, 18:30ean hasita.
Nolatan hasi zinen magian?
7 edo 8 urte nituela, Olentzerok magia-kutxa bat oparitu zidan, eta orduan sortu zitzaidan magia munduarekiko lehenengo jakin-min hori. Kutxa hartako joko guztiak ikasi nituen, eta, ordutik, urtero joko berriak eskatzen ibili nintzen, magia munduan erabat murgildu nintzen arte.
Nola definitzen duzu magia?
Magia iruzurra da, baina baita artea ere. Esku-jokoekin eta trebetasunarekin egiten den zerbait da. Denok dakigu horren guztiorren atzean sekretu bat dagoela, baina magia sekretu horren gainetik dagoen zerbait da, publikoari erakusten ez zaiona, misterio puntu batekin. Azken finean, ezinezko gauzak posible egitea da.
Zein motatako magoa zara?
Magia barruan hainbat kategoria daude. Batzuk ilusio handiak egiten saiatzen dira, objektu handiak erabiliz. Beste batzuek, aldiz, kontrakoa egiten dute; hain justu, gauza txikiekin aritzen dira, gertuko magia egiten. Niri magia klasikoa egitea gustatzen zait, baina ez urrunekoa ezta gertukoa ere; tarteko zerbait, esango nuke. Hori bai, oholtzako magia dut gogoko. Azkenaldian, gainera, magia teknologikoa ere sartu dut nire ikuskizunetan.
Zer ikusiko dute Arrasaten ikusleek?
Ordubete inguruko ikuskizuna prestatu dut, eta gehien gustatzen zaizkidan jolasak izango dira oholtza gainean egingo ditudanak. Alegia, magia asko ikusteko aukera egongo da, baita barre ugari egiteko aukera ere; hain zuzen ere, familia osoarentzako ikuskizuna izango da.
Nola konektatzen duzu ikusleekin?
Nire jolas gehienak publikoarekin batera egiten ditut. Mago batek berak bakarrik egiten baditu trikimailuak, ez da hain ikusgarria; ordea, ikusleen eskuetan gertatzen baldin bada, indar bikoitza izaten du, eta ni neu publikoarekin jolas hori asko aprobetxatzen saiatzen naiz.
San Juan jaietako ikuskizunerako gogotsu zaude?
Nola ez! Oraindik ez naiz Arrasateraino iritsi, eta gogotsu nago; magia asko egiteko asmoarekin noa hara.
Jendea erakartzeko zer esango zenuke?
Uste dugu magia haurrei bakarrik zuzenduta dagoela, baina denok dugu haur bat barruan, eta, hain zuzen ere, hori ateratzen saiatuko naiz Arrasateko ikuskizunean.