Erraldoiak eta kilikiak, kaleak girotzeko prest

Oier Zumarraga Aranburu 2023ko eka. 19a, 17:00

Erraldoien eta Kilikien Konpartsa iazko San Juan jaietan.

Arrasatearrek zapatu eta astelehen goizean Erraldoien eta Kilikien Konpartsaren kalejiraz gozatzeko aukera izango dute, 11:00etan hasita. Seber Altube plazan geldialdia egingo dute, bandarekin eta gaiteroekin batera dantza berezi bat egiteko.

Dultzaineroen gaita eta danbor hotsek lagunduta, Herriko Plazan ekingo diote kalejirari, eta alde zaharreko kaleetan barrena arituko dira jira eta bira. Aurtengo honetan, 60 neska-mutil inguru ibiliko dira erraldoi, kiliki, zaldiko eta laguntzaile artean ospakizuna aurrera eramaten. 2023ko San Juan jaiak lehertzear daudela, motorrak berotzen dihardute konpartsako kideek. Aurten, bi agerraldi egingo dituzte, goizeko hamaiketan hasita: lehenengoa hilaren 24an izango da, zapatua, eta bigarrena, aldiz, 26an, astelehena. Gomez Gonzalez Butroikoak eta Elvira Leibakoak osatutako erraldoi bikotea eta Martin Bañezek eta Juantxo Otxoak osatutakoa irtengo dira kalera. Haiekin batera Errementaria, Mari, Basajaun eta Lamina ere ibiliko dira kaleak girotzen. Hain zuzen ere, zortzi kilikik lagunduko diete ibilbidean zehar, lau zaldikorekin batera. Azken horiek umeei, gazteei zein nagusiei ipurdiko bat edo beste emateaz arduratuko dira. Egun bakoitzean ibilbide desberdina egiteko asmoa dute antolatzaileek alde zaharrean zehar; izan ere, zapatuan Herriko Plazan bukatuko dute kalejira eta astelehen, ordea, Biteri plazan.

Arropa berriak

Aurtengo berritasunetako bat erraldoien jantzi berriak izango dira, eta, horren harira, Gari Arsuaga konpartsako kideak esan du "ilusioz gainezka" daudela erraldoien arropa berriak estreinatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak