Jaietan argazki onena nork aterako zain

Oier Zumarraga Aranburu 2023ko eka. 16a, 14:00

Iazko lehiaketaren irabazlea.

Arrasateko Argazki Elkartearen eta Udalaren eskutik, martxan da San Juan jaietako argazki lehiaketa. Artgazki ekimenaren zortzigarren edizioaren gaia Arrasateko sanjuanak izango dira eta argazkiek jaietan egindakoak izan beharko dute.

Ekimenean parte hartzea guztiz doakoa izango da eta ekainaren 27ko 22:00ak arte egongo da argazkiak aurkezteko aukera. Lanak lehiaketak@artgazki.org helbidera bidali beharko dira eta bakoitzak gehienez ere bi argazki bidaltzeko aukera izango du. Horrez gain, bakoitzaren izen-abizenak, helbide elektronikoa, telefonoa eta argazki bakoitzaren izenburua atxikituta bidali beharko dira. Argazkien ezaugarriekin lotuta, antolatzaileek ohartarazi dute muntaien edo inteligentzia artifizial bidez edo epaimahaiaren ustez manipulatuak izan diren argazkiak baztertu egingo dituztela. Hortaz, argazkilariek lehiaketara aurkezten dituzten argazkiak eurenak direla bermatu beharko dute. Hala ere, zuri-beltzean zein koloretan egindako argazkiak onartuko dituzte. Epaimahaia argazkigintzaren inguruko adituz osatuta egongo da. Sanjuanak islatzea, originaltasuna, berritzailea izatea eta argazkigintza teknika aproposak erabiltzea baloratuko dituzte. Bestalde, eskuko telefonoarekin ateratako argazkiak ere onartuko dituzte. Horren harira, Aimar Elorza antolatzaileak adierazi du sakelako telefonoarekin argazkiak ateratzeko aukera eskaintzeak "jende berria" erakartzen duela. Esaterako, iazko "edizio arrakastatsuan 50 lan inguru aurkeztu ziren" eta arrasatearrek zein beste herri batzuetakoek parte hartu zuten.

Argazkien eskubideak

Artgazki elkarteak mezu hau helarazi du argazkien eskubideen gainean: "Artgazki elkarteak egileen datuak modu egokian erabiliko dituela bermatzen du, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera". Era berean, lehiaketara aurkeztutako lanak Arrasateko Udalari bidaltzeko aukera izango dutela ohartarazi dute, nahiz eta Arrasateko Udalak ezin izango dion beste inori bidali, egilearen baimenik gabe.

Sari banaketa

San Juan jaiak amaitu ostean aukeratuko dira lehiaketaren garaileak zeintzuk izan diren. Irabazleentzako sari banaketa uztailaren 2an izango da, domeka, 19:00etan hasita, Arrasateko Kajoi tabernan. 500 euro banatuko dituzte: lehen saria, 250 euro eta trofeoa; bigarren saria, 150 euro eta trofeoa; hirugarren saria, 75 euro eta trofeoa; eta argazki originalena, 75 euro eta trofeoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak