Beste behin, gaztetxoek izango dute non gozatu

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko eka. 21a, 10:00

Txatxilipurdiko kideak, Eguzkilaru Egunerako aurkezpenean. (Argazkia: Txatxilipurdi).

Eguzkilaru Eguna eta Gaztelaru Eguna antolatu ditu Txatxilipurdik ekainaren 25erako. Etxeko txikienetatik hasi eta 16 urte arteko neska-mutikoendako ekintzak izango dira, hainbat gunetan banatuta. Nagusienendako eskaintza indartu nahian jarraitzen dute. 

Egun berezia izango da datorren domeka, hilaren 25a, txatxilitarrentzat, haur eta nerabeekin batera Eguzkilaru Eguna eta Gaztelaru Eguna ospatuko dituzte eta; beste behin, haur eta gaztetxoendako eskaintza antolatu du Txatxilipurdik Monterronen eta Biteri plazan. Eguzkilaru Egunari dagokionez, bi gune izango dira: Monterron parkea eta Biteri plaza, hain zuzen ere. 11:00etatik 13:30era, jolas-gunea egongo da, alde batetik, Monterronen. "Tirolina jartzeko Zintzilik Emozioen Laborategikoekin jarri gara harremanetan, eta, horretaz aparte, zuhaitza eskalatzeko aukera ere egongo da", nabarmendu du Itsaso Garaik, Txatxilipurdiren kultura arloko arduradunak. Horrez gain, sare eskalada, kutxen dorrea, oreka jolasak eta naturan jolasteko txokoak egongo dira; besteak beste, sukalde txoko sinbolikoa eta psikomotrizitatea lantzeko guneak. 19:00etan, berriz, Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. iepa 

Eguraldi ona eginez gero Monterronen dagoen putzuaz baliatuko direla gaineratu du Garaik. Biteri plaza ere ondo pasatzeko gunea izango da; Monterrongoaren ordutegi berarekin, umeentzat puzgarriak, aurpegi margotzea, ohe elastikoak eta sormen txokoa egongo dira. Aldi berean, karaokea ere antolatu dute eta herritarrek aukera izango dute oholtza gainera igotzeko gura dituzten abestiak kantatzeko. 12:45ean, Eguzkilaruren etorrera eta makalaren igoera egingo dute. 13:30etan, apar festarekin Eguzkilaru Eguneko goizeko ekintzei amaiera emango diete.

Gaztetxoentzako ekintzak

Txikienentzat bakarrik ez, 12 urtetik aurrerakoentzako ekintzak ere izango dira datorren zapatuan. "Iaz indarra hartu zuen apar festa antolatu dugu, musika jartzaile bat egongo da, txapa tailerra ere bai...", adierazi du Garaik. Ekintza horiek 16:30ean hasiko dira, Biteri plazan, eta arratsaldeko sei eta erdiak arte iraungo dute.

Egitaraua

Eguzkilaru Eguna

  • 11:00-13:30 Abentura gunea: tirolina, zuhaitz eta sare eskalada, kutxa dorrea, 0-4 gunea, ur bideak, arte txokoa, oreka jolasak eta naturan jolasteko txoko ezberdinak.
  • 19:00ean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen eskutik, Urteak bete abenturak bizi! ikuskizuna.
  • Biterin, jolasgunea.
  • 11:00-13:30 Jolas gunea: puzgarriak, aurpegi margoketa, oreka pasabideak, ohe elastikoak, arte txokoa, kartoiarekin sortzeko tailerra, eta karaokea.
  • 12:45ean, Eguzkilaruren ongietorria eta makalaren igoera.
  • 13:30ean, apar festa.

Gaztelaru Eguna

  • 16:30ean, Biterin, hainbat txoko: txapa tailerra, kutxa dorrea eta freskagarri gunea.
  • 17:00ean, Biterin, disko festa.
  • 18:00ean, Biterin, apar festa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak