Danbor hotsak lehen gauerako

Oier Zumarraga Aranburu 2023ko eka. 20a, 14:00

Musakola konpainiako kideak iazko danborradan.

Udaren hasierarekin bat eginez, San Juan jaiak iristear daude; asteburu honetan hasita, hilaren 26ra arte festa giroan murgilduko dira Arrasateko kaleak

Ekainaren 23ak badu xarma berezia arrasatearrentzat. Festari 12:30ean ekingo diote, Txosna Batzordeak antolatutako txupinazoarekin. Horren ondoren, ohiko triki-poteoarekin jarraituko dute festek. 14:30 aldera, berriz, indarrak hartzeko, Uarkapen Txosna Batzordeak antolatutako herri bazkaria egingo dute. Behin tripa beteta, arratsaldean etxafuegoak botako dituzte Herriko Plazatik, eta txarangek herriko kaleak girotuko dituzte, Txorotxaranga eta Broken Brothers Brassen eskutik.

Ospakizunak zuzenean ikusteko

Goiena telebistak programazio berezia eskainiko du San Juan bezperan, 17:45ean, Hemen Debagoiena jaietan saioarekin. Herriko gazteek makala jasotzeari ekin aurretik hasiko da emisioa, eta makalaren igoera zuzenean jarraitzeko aukera egongo da. Horren harira, plazara bertaratzen direnek ekitaldia pantaila handian ikusteko aukera izango dute. 17:45ean piztuko dute pantaila, makalaren igoera ikusteko, eta danborrada amaitutakoan itzaliko dute. Behin makala Herriko Plazan zutik dagoenean, ohikoa den errementari dantza egingo dute Arrasateko euskal musika eta dantza taldeek, 21:00etan hasita. Ondoren, 22:15ean, ETBrekin elkarlanean, San Juan gauari eskainitako saio berezia izango da, eta ordu berean ikusi ahal izango da zuzeneko emankizuna Goiena telebistan eta ETB1en. Goiena telebistaren ekoizpen horiek Goiena.eus ataritik eta Goiena aplikaziotik ere jarraitu ahal izango dira. Gauean murgildu ahala, 22:30ean San Juan sua piztuko dute Herriko Plazan. Ondoren, txosnaguneko kontzertuen txanda izango da, eta ikusleek Kontralde, Larru Beltzak eta Youth United taldeen punk-oi! doinuez gozatzeko aukera izango dute.

Nagusien danborrada

Nagusien danborradarekin, 23:15 aldera danbor hotsak nagusituko dira herriko kaleetan barrena. SUDCek antolatuta, Biteri plazan hasiko da ekitaldia, Arrasate musikaz eta kolorez betetzeko asmoz. Gainera, aurtengo edizioan bi konpainia berri izango dira danborrak eta barrilak astintzen: Gelma eta Arrasateko Gazteak. Haiekin batera, ohikoak diren Danborreroak, Musakola, Santa Maña, Beti Gazte, Beti Alai, Arrasate Herri Eskola, Txalaparta, Eskoziarrak eta Montxon konpainiak arituko dira. Eta, danborradarekin batera, Eskoriatzako Bandak ibilbidea egiten lagunduko die hamaika konpainiei. Nahiz eta iazko edizioarekin alderatuz berritasun handirik ez izan, aurten parte-hartzaile kopurua 250 pertsona ingurura igo da. Beste urte batez, Eva Romero izango da zuzendari nagusia, eta haren gidaritzapean hamar abesti joko dituzte. Horien artean, ohikoa den San Juanen ereserkia joko dute Herriko Plazan. Nabarmentzekoa da Beti Gazte konpainia beteranoak 25. urteurrena ospatuko duela aurtengo edizio honetan. Maiatz bukaeran entseguei ekin ondoren, motorrak berotzen jarraitzen dute konpainiek, egutegian gorriz markatuta dagoen egunari begira. Prestakuntzen azken txanpan egonda ere, ekitaldian parte hartu nahi duen orok entseguetara agertzea besterik ez duela egin behar aipatu du du Juan Luis Arkauz antolatzaileak. Horrez gain, danbor-jole kopuruaren igoerak ekitaldia "osasuntsu, indartsu eta egonkor" mantentzen dela erakusten duela adierazi du.

'Ez izen konplize' ekintza

Eguneko ekitaldiak amaitzeko, Ez izen konplize aldarrikapen feminista egingo dute, Txosna Batzordeak antolatuta, gaueko hamabien bueltan. Gauzak horrela, arrasatearrak herriko festetan murgilduko dira lau egun luzez, hilaren 26ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak