Arrasateko Udalak herriko kirolari eta kirol talde onenen lana aitortuko du hilaren 21ean Seber Altuben (18:30) –Eguraldi txarra egiten badu Kulturolan izango da ekitaldia–. Hala, AKS (Arrasateko Kirol Sariak) barruan, ARTko amen talde Pirolitikak eta Sasoibide ekimenak errekonozimendua jasoko dute. Horrekin batera, Kirol Ibilbidearen Saria Besaide Mendizale Elkartean urtetan ekarpena egin duen Karmelo Bergaretxek jasoko du. Orain, baina, herritarrek kirolari edo kirol talde onenaren saria aukeratu behar dute, bozka bidez, eta Udalaren webgunean –arrasate.eus– egin ahal izango dute hori ekainaren 16tik aurrera.
Kirolari edo kirol talde onenaren sarirako hautagaiak:
- Maialen Axpe. Arrasateko atleta otsailean pista estaliko Espainiako txapeldun izan zen, Gallurren. Maialen Axpe eta Malen Ruiz de Azua ziren faboritoak, eta bien artean lehia polita izan zuten. Bada, 4,40ko saltoa eginda jantzi zuen Bedoñakoak urrezko domina. Aire libreko denboraldian Axpek dagoeneko egin du 4,45eko marka, eta orain ditu txapelketa nagusiak.
- Aitor Fernandez. Atezain arrasatearrak denboraldi oso ona egin du Osasunan izan duen lehen denboraldian. Sergio Herrerarekin batera bikain defendatu du talde gorritxoaren atea, Kopako finalerako sailkatu ziren eta ligan ere nabarmentzeko moduko urtea egin dute: zazpigarren postuan amaitu dute eta Europa Conference ligarako sailkatu dira.
- Itxaso Plaza. Arrasateko txirrindulariak beste aurrerapauso bat eman du aurten. Igamo Packaging taldeko ordezkaria, gazte mailakoa bada ere, lasterketa askotan eliteekin batera dabil lehian. Arabako Itzulia irabazi zuen maiatzean, eta baita Lea Artibai Challengeko bigarren etapa ere.
- Ander Murua. Pilotari arrasatearra urte borobila egiten dabil. Amateur mailako hainbat torneotan lan ona egin du. Esaterako, Goñi memorialean finaleraino iritsi da, eta irabazi egin ditu, besteak beste, Antton Pebet Memoriala, Zaldibarko txapelketa eta Bergara Hiria torneoa.
- Endika Donnay. Atleta arrasatearrak Donostia aukeratu zuen maratoiaren distantzian debuta egiteko, eta mimoz prestatu zuen azaroko hitzordua. Bada, Arrasatekoak debut ezin hobea egin zuen, 2.28.56ko markarekin Gipuzkoako txapeldun izan zen eta.
- Iker Uribesalgo. Mondrateko harrobiko jokalaria, Iker Uribesalgok areto futbolean jauzia ematea erabaki zuen eta bigarren mailan jokatu du, Ibarrako Lauburu taldean. Denboraldi oso ona egin dute, play-off faserako sailkatuta.
- Maialen Gallardo. Gimnasia erritmikoan Munduko Txapelketan lehiatzera iritsi zen, baina pandemia ostean kickboxingean hasi zen eta bi urte hauetan aurrerapauso galanta eman du. Hainbat borrokaldi egin ditu, eta ekainaren 17an borrokalari profesional bilakatuko da, Badalonan jokatuko duen Espainiako Txapelketan.
- Saioa Karate Kluba. Saioako lagunek azpimarratzeko moduko denboraldia egiten dihardute. Nabarmentzekoa izan zen maiatzean Valentzian jokatutako kyokushin txapelketan egindako lana. Klubeko bederatzi karateka izan ziren han, eta Espainiako txapeldun izan ziren, nor bere kategorian, Xavier Varteniuc, Danel Izurrategi, Aratz Ezpeleta eta Aitor Madinabeitia.
- Arrasate Box. Arrasate Boxeo Eskolak iaz zabaldu zituen ateak Arrasaten, eta txalotzekoa da Ixa Rodriguezen eta haren lantaldeak 80ko eta 90eko hamarkadan Arrasaten indarra izan zuen kirol jarduera sustatzeko egiten diharduen lana. Otsail amaieran Uarkapen boxeo jaialdi arrakastatsua egin zuten.